Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 10:2-14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. Honela zioen Davidek: «Har dezadan Nahaxen seme Hanun, beronen aitak ni hartu ninduen bezain ongi». Davidek mandatariak igorri zizkion aitaren heriotzagatik doluminak ematera. Mandatariak amondarren lurraldera heldu zirenean, ordea,

3. honela esan zioten amondarren buruzagiek Hanuni, beren jaunari:—Davidek mandatariok zuen aita ohoratzeko bidali dizkizula uste al duzu? Ez ote dizkizu bidali hiria azter eta iker dezaten, gero hondatzeko asmoz?

4. Atzeman zituen, orduan, Hanunek Daviden mandatariak eta alderdi bateko bizarra moztu zien, baita jantziak ere erditik behera, ipurmasailetatik behera. Eta joaten utzi zien.

5. Davidek, horren berri eman ziotenean, bere mandatari haien bila bidali zituen batzuk, oso lotsaturik baitzetozen. Esan zien erregeak:—Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete.

6. Amondarrak ohartu ziren gorrotagarri egin zirela Davidentzat. Horregatik, Bet-Rehob eta Tzobako aramearren artean hogei mila oinezko, Maakako erregearen mila gizon eta Tob-eko beste hamabi mila gizon hartu zituzten sari-truke.

7. Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin.

8. Amondarrak irten eta hiriko ate aurrean prestatu ziren borrokarako lerrotan. Bai Tzoba eta Rehobeko aramearrak, bai Tob eta Maakako gizonak, berriz, beste toki batean ziren, landan.

9. Ikusi zuen Joabek aurretik eta atzetik zuela borroka eta, Israel osoko hoberenak aukeraturik, aramearren aurrez aurre ipini zituen borrokarako lerrotan.

10. Gainerako gudariak bere anaia Abixairen gidaritzapean utzi zituen lerrotan.

11. Joabek esan zion:—Aramearrak nagusitzen bazaizkit, zatozkit laguntzera; amondarrak nagusitzen bazaizkizu, berriz, ni joango natzaizu laguntzera.

12. Eutsi sendo! Gogor egin behar dugu geure herriaren eta geure Jainkoaren hiriaren alde! Egin beza Jaunak ongi deritzona!

13. Hasi ziren, bada, Joab eta berekin zuen gudarostea aramearren kontra borrokan. Aramearrak ihesi joan ziren.

14. Hori ikusirik, amondarrek ere ihesari eman zioten Abixairen aurretik, eta hirira sartu ziren. Joab Jerusalemera itzuli zen amondarren kontrako borrokatik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 10