Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 9:7-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Hala ere, ez zuen burua makurtu bere handiustean. Geroz eta harrotuago, juduenganako amorru-sua zeriola, lasterrago joateko agintzen zuen. Baina, gurdia abiada bizian zihoalarik, erori egin zen bertatik Antioko, eta, halako erorketa txarrean, gorputz-atal guztiak kolpatuak gelditu baitzitzaizkion.

8. Eta lehentxeago, gizona baino handiagoa zelakoan, itsas uhinei agindu eta mendi-gailurrak balantzan pisa zitzakeela uste zuena, lurrera erori ondoren, esku-ohatilan zeramaten orain. Horrela, argi ikusi ahal izan zuten denek Jainkoaren ahalmena.

9. Zital hari gorputzetik harrak ateratzen zitzaizkion mordoka eta, oraindik bizirik zegoela, pusketaka erortzen zitzaion haragia, ikaragarrizko minez. Eta halako kiratsa zerion, ezen gudaroste osoari nazka ematen baitzion ustelkeria hark.

10. Eta pittin bat lehentxeago zeruko izarrak ukituko zituela uste zuena, ezin zuen orain inork eraman, zerion kirats nardagarri jasanezinagatik.

11. Orduan, gaitzak joa, bere handiustea galtzen hasi zen eta, etengabeko minaren minez, Jainkoaren zigorpean nolako egoeratan zegoen jabetzen.

12. Berak ere ezin baitzuen bere buruari zerion kiratsa jasan, esan zuen: «Bidezko da Jainkoaren menpe egotea. Hilkor denak ezin du uste izan Jainkoa adinakoa denik».

13. Madarikatu hura otoizka hasi zitzaion Jaunari; baina Jauna ez zitzaion errukitu.

14. Lehen Hiri Santua erraustera eta hilobi bihurtzera arrapaladan zihoan hark, orain hiria burujabe egingo zuela hitzeman zion Jaunari.

15. Lehen, hilobirako ez, baizik hegazti harrapari eta basapiztien janaritarako beste ezertarako ez zirela iritzi zien juduei eta berauen haurrei; orain, berriz, greziarren pareko egingo zituela zioen.

16. Lehen, lapurreta egin zuen tenplu santuan; orain, berriz, emari ederrez apainduko zuela, ebatsitako ontzi sakratu guztiak itzuliko zituela eta sakrifizioetan eralgitzen zena bere diruz ordainduko zuela zioen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 9