Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 8:5-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Bere gudarostea antolatu zuenean, Judas Makabearra menderagaitz egin zen jentilentzat, Jaunaren haserrea erruki bihurtua baitzen ordurako.

6. Ustekabean heldu eta su ematen zien hiri eta herrixkei eta, gudalekurik egokienak harturik, ihes eragiten zien etsai-multzo handiei.

7. Gehienetan, gauaren babesa aukeratzen zuen erasoak egiteko. Haren ausardiaren entzutea denean zabaldu zen.

8. Judas ezarian-ezarian aurrera egiten ari zela eta haren garaipenak geroz eta gehiago zirela ikusirik, Filipok Ptolomeori —Koele-Siria eta Feniziako gudalburuari— idatzi zion erregearen interesak defendatzen laguntzera etor zekion.

9. Patrokloren seme Nikanor, erregearen adiskiderik gorenetako bat, izendatu zuen berehala Ptolomeok eta, nazio guztietatik gutxienez hogei mila gizonek osaturiko gudarostearen buru jarririk, judu-herri osoa suntsitzera bidali zuen. Eta Gorgias eman zion lagun, gerra-arazoetan oso ikasia baitzen gudalburu hura.

10. Erregeak erromatarrei zor zien zerga —berrogeita hamalau mila kilo zilarrekoa— judu-presoak salduz ordain zezakeela uste zuen Nikanorrek.

11. Eta judu-esklaboak erostera etortzeko deia igorri zuen kostaldeko hirietara, hogeita zazpi kilo zilarretan laurogeita hamar esklabo emango zituela aginduz. Ez zuen sumatzen Ahalguztidunaren zigorra gainera zetorkiola berehala.

12. Nikanor gudua egitera zetorrela jakitean, Judasek etsaia laster hurbilduko zitzaiela adierazi zien bere lagunei.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 8