Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 8:2-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. Eta Jaunari eskari hauek egin ohi zizkioten: denek oinazpian hartzen zuten herriari begira ziezaiola; jende zitalak profanatua zuen tenpluaz erruki zedila,

3. baita hondatzen ari ziren eta ia erraustua zuten hiriaz ere, eta deiadarka ari zitzaion odolaren oihua entzun zezala;

4. haur errugabeen sarraski zuzengabeaz eta Jaunaren kontra botatako biraoez oroitu eta gaiztakeriari zion gorrotoa ager zezala.

5. Bere gudarostea antolatu zuenean, Judas Makabearra menderagaitz egin zen jentilentzat, Jaunaren haserrea erruki bihurtua baitzen ordurako.

6. Ustekabean heldu eta su ematen zien hiri eta herrixkei eta, gudalekurik egokienak harturik, ihes eragiten zien etsai-multzo handiei.

7. Gehienetan, gauaren babesa aukeratzen zuen erasoak egiteko. Haren ausardiaren entzutea denean zabaldu zen.

8. Judas ezarian-ezarian aurrera egiten ari zela eta haren garaipenak geroz eta gehiago zirela ikusirik, Filipok Ptolomeori —Koele-Siria eta Feniziako gudalburuari— idatzi zion erregearen interesak defendatzen laguntzera etor zekion.

9. Patrokloren seme Nikanor, erregearen adiskiderik gorenetako bat, izendatu zuen berehala Ptolomeok eta, nazio guztietatik gutxienez hogei mila gizonek osaturiko gudarostearen buru jarririk, judu-herri osoa suntsitzera bidali zuen. Eta Gorgias eman zion lagun, gerra-arazoetan oso ikasia baitzen gudalburu hura.

10. Erregeak erromatarrei zor zien zerga —berrogeita hamalau mila kilo zilarrekoa— judu-presoak salduz ordain zezakeela uste zuen Nikanorrek.

11. Eta judu-esklaboak erostera etortzeko deia igorri zuen kostaldeko hirietara, hogeita zazpi kilo zilarretan laurogeita hamar esklabo emango zituela aginduz. Ez zuen sumatzen Ahalguztidunaren zigorra gainera zetorkiola berehala.

12. Nikanor gudua egitera zetorrela jakitean, Judasek etsaia laster hurbilduko zitzaiela adierazi zien bere lagunei.

13. Orduan, beldurtiak eta Jainkoak mendekatuko zituela uste ez zutenak ihesi joan ziren handik.

14. Gainerakoek, gelditzen zitzaiena saldu eta, aldi berean, otoitz zegioten Jaunari, borroka hasi baino aurretik ere Nikanor maltzurrak salduak zituenak libratzeko eskatuz.

15. Eta hori eskatzen zioten, beraiengatik ez, baizik eta Jaunak arbasoekin eginak zituen itunengatik eta Jainkoaren izen agurgarri eta handiari laguntza eskatuz egina zioten deiarengatik.

16. Orduan, bere gizonak bildu —guztira, sei mila— eta etsaiaren aurrean ez kikiltzeko esaten zien Makabearrak, eta inolako eskubiderik gabe kontra zetorkien atzerritar-multzoari beldurrik ez izateko; baizik eta borroka zitezela gogotsu.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 8