Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 8:17-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Izan zezatela ere gogoan nola iraindu zuten atzerritarrek toki santua, Jerusalemen kontra nolako gogorkeriak egin eta juduen ohiturak nola hondatu zituzten.

18. Eta gehitu zien: «Horiek beren armetan eta ausardian dute konfiantza; guk, berriz, Jainko ahalguztidunagan. Kolpe batez bota ditzake Jaunak aurka datozkigunak, baita mundu osoa ere».

19. Eta beren aurrekoei laguntzeko Jainkoak zer egin zuen adierazi zien; adibidez, Senakeriben garaian ehun eta laurogeita bost mila etsai galdu zirela.

20. Eta Babilonian, galaziarren kontrako guduan, zortzi mila judu eta lau mila mazedoniar besterik ez zela borrokarako; mazedoniarrak larri zirelarik, zortzi mila juduek ehun eta hogei mila etsai garaitu zituztela Jainkoak emaniko laguntasunari esker, eta harrapakin asko hartu ahal izan zutela.

21. Hitz hauekin adoretu eta lege eta aberriagatik hiltzeko prestarazi ondoren, Judasek lau taldetan banatu zuen gudarostea.

22. Gudari-talde bakoitzaren buru Simon, Jose eta Jonatan bere anaiak ezarri zituen, bakoitzaren menpe mila eta bostehun gizon jarriz.

23. Ondoren, liburu santua irakurtzeko agindu zion Eleazarri. Eta guda-deiadartzat «Jainkoa lagun!» emanik, lehenengo gudari-taldearen buru jarri zen bera eta Nikanorri erasotzen hasi.

24. Ahalguztiduna beren alde jarri zitzaielarik, bederatzi mila etsai baino gehiago hil zuten juduek; Nikanorren gudari gehienak zauritu zituzten, gorputz-adarrak moztu zizkieten eta denei ihes eragin zieten.

25. Esklaboak erostera zetozenen dirua hartu eta, bide aski luzean haien atzetik joan ondoren, itzuli egin ziren, ordua gainean zutelako.

26. Izan ere, larunbat-bezpera zen; horregatik ez zuten jarraitu haien atzetik.

27. Etsaien armak eta gainerako harrapakinak bildu zituztenean, larunbat-jaia egiten hasi ziren, Jauna handikiro goretsiz eta goraipatuz, bizirik eutsi zielako eta, egun hartan ere, bere errukiaren lehen tantak, ihintza bezala, isuri zizkielako.

28. Larunbat-biharamunean, harrapakinetarik zati bat pertsekuzioa jasan zutenen artean banatu zuten, beste zati bat alargun eta umezurtzen artean; gainerakoa beren eta beren seme-alaben artean.

29. Gero, otoitz egin zuten elkarrekin, Jaun errukitsuari bere zerbitzariekin erabat adiskidetzeko eskatuz.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 8