Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 8:12-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Nikanor gudua egitera zetorrela jakitean, Judasek etsaia laster hurbilduko zitzaiela adierazi zien bere lagunei.

13. Orduan, beldurtiak eta Jainkoak mendekatuko zituela uste ez zutenak ihesi joan ziren handik.

14. Gainerakoek, gelditzen zitzaiena saldu eta, aldi berean, otoitz zegioten Jaunari, borroka hasi baino aurretik ere Nikanor maltzurrak salduak zituenak libratzeko eskatuz.

15. Eta hori eskatzen zioten, beraiengatik ez, baizik eta Jaunak arbasoekin eginak zituen itunengatik eta Jainkoaren izen agurgarri eta handiari laguntza eskatuz egina zioten deiarengatik.

16. Orduan, bere gizonak bildu —guztira, sei mila— eta etsaiaren aurrean ez kikiltzeko esaten zien Makabearrak, eta inolako eskubiderik gabe kontra zetorkien atzerritar-multzoari beldurrik ez izateko; baizik eta borroka zitezela gogotsu.

17. Izan zezatela ere gogoan nola iraindu zuten atzerritarrek toki santua, Jerusalemen kontra nolako gogorkeriak egin eta juduen ohiturak nola hondatu zituzten.

18. Eta gehitu zien: «Horiek beren armetan eta ausardian dute konfiantza; guk, berriz, Jainko ahalguztidunagan. Kolpe batez bota ditzake Jaunak aurka datozkigunak, baita mundu osoa ere».

19. Eta beren aurrekoei laguntzeko Jainkoak zer egin zuen adierazi zien; adibidez, Senakeriben garaian ehun eta laurogeita bost mila etsai galdu zirela.

20. Eta Babilonian, galaziarren kontrako guduan, zortzi mila judu eta lau mila mazedoniar besterik ez zela borrokarako; mazedoniarrak larri zirelarik, zortzi mila juduek ehun eta hogei mila etsai garaitu zituztela Jainkoak emaniko laguntasunari esker, eta harrapakin asko hartu ahal izan zutela.

21. Hitz hauekin adoretu eta lege eta aberriagatik hiltzeko prestarazi ondoren, Judasek lau taldetan banatu zuen gudarostea.

22. Gudari-talde bakoitzaren buru Simon, Jose eta Jonatan bere anaiak ezarri zituen, bakoitzaren menpe mila eta bostehun gizon jarriz.

23. Ondoren, liburu santua irakurtzeko agindu zion Eleazarri. Eta guda-deiadartzat «Jainkoa lagun!» emanik, lehenengo gudari-taldearen buru jarri zen bera eta Nikanorri erasotzen hasi.

24. Ahalguztiduna beren alde jarri zitzaielarik, bederatzi mila etsai baino gehiago hil zuten juduek; Nikanorren gudari gehienak zauritu zituzten, gorputz-adarrak moztu zizkieten eta denei ihes eragin zieten.

25. Esklaboak erostera zetozenen dirua hartu eta, bide aski luzean haien atzetik joan ondoren, itzuli egin ziren, ordua gainean zutelako.

26. Izan ere, larunbat-bezpera zen; horregatik ez zuten jarraitu haien atzetik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 8