Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 7:17-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Itxaron eta ikusiko duzu beraren indar handia. Berak torturatuko zaituzte zu eta zure ondorengoak».

18. Gero, seigarrena ekarri zuten. Hiltzear zegoela, hau zioen: «Ez engainatu zoro-zoro zeure burua. Gu geure erruz ari gara hau guztia jasaten, geure Jainkoaren kontra bekatu egin dugulako. Horregatik gertatu zaizkigu gauza harrigarri hauek.

19. Baina ez uste izan zu ere zigorrik gabe geldituko zarenik, Jainkoari gerra egiteko ausardia izan duzu eta».

20. Zinez miresgarria eta gogoangarria, ama izan zen. Egun berean zazpi semeak hiltzen ikusi eta bihotz handiz jasan zuen dena, bere itxaropena Jaunarengan jarria zuelako.

21. Seme bakoitzari indarra ematen zion bere hizkuntzan. Sentipen bikainez betea eta gizonezkoarena bezalako indarrez, emakume hark ziotsen:

22. «Nik ez dakit nola agertu zineten nire erraietan; ez nizuen nik arnasa eman, ez bizia ere, eta zuetako bakoitzaren gorputza ez nuen nik eratu.

23. Diren guztien Egileak egin du gizon-emakumeen izatea eta sorrarazi ditu gauza guztiak. Berak itzuliko dizkizue bere errukiaz arnasa eta bizia, zeuen buruak ematen baitituzue orain beraren legeengatik».

24. Emakumea isekaz ari zitzaiola eta hitz haiek irainak zirela uste izan zuen Antiokok. Oraindik bizirik zegoen txikiena. Berari mintzatuz, konbentzitu egin nahi zuen Antiokok, eta zin egin zion aberats eta guztiz zoriontsu bihurtuko zuela, bere adiskidetzat hartu eta kargu handiak emango zizkiola, baldin eta bere arbasoen ohiturei uko egiten bazien.

25. Mutikoak kasurik ere egiten ez zionez, amari dei egin eta mutikoa iritziz aldarazteko eskatu zion erregeak, horrela salba zedin.

26. Luze hitz egin ondoren, amak onartu zuen semeari aholkuak ematea.

27. Berarengana makurtu eta, errege anker hura engainatuz, esan zion amak semeari bere hizkuntzan: «Ene seme, erruki nitaz. Bederatzi hilabetez eraman zintudan sabelean, hiru urtez eman nizun bularra, neuk hazi eta hezi zaitut gaurdaino, neuk eman nizun jaten.

28. Ene seme, otoi, begira zeru-lurretara eta ikus horietan dagoen guztia. Jakin Jainkoak hori guztia ezerezetik egin duela eta gizon-emakumeok ere era berean egin gaituela.

29. Ez izan, beraz, borrero horren beldurrik; ager zaitez anaien pareko, onartu heriotza, errukialdia etortzean zu ere anaiekin batera berriro aurki zaitzadan».

30. Ama hizketan ari zela, gazteak esan zuen: «Zeren zain zaudete? Nik ez dut egingo erregearen esana, Jainkoak Moisesen bidez gure arbasoei eman zien legearen esana baizik.

31. Baina zuk, hebrearroi hainbeste kalte egin diguzun horrek, ez duzu ihes egingo Jainkoaren eskutik.

32. Gu, egiaz, geure bekatuengatik ari gara sufritzen.

33. Gu zigortzeko eta zuzenarazteko haserretu da une batez Jauna; hala ere, adiskidetuko da berriro bere zerbitzariokin.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 7