Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 6:8-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Ptolemaidako bizilagunen eraginez, agindua atera zen, inguruetako hiri greziarretan ere jokaera bera izan zezaten juduen kontra, sasijainkoari eskainitako janariak hartzera behartuz.

9. Greziar ohiturak onartzen ez zituztenei lepoa mozteko ere agindu zen. Argi ikus zitekeen, beraz, nolako zoritxarra zetorren.

10. Adibidez, bi emakume, beren semetxoak erdaindu zituztela eta, auzitara eraman zituzten. Beren haurrak bularretik zintzilik ipinita, hirian barrena erabili zituzten denen aurrean eta, gero, harresietan behera amildu.

11. Judu batzuk Jerusalem inguruko leize-zuloetara joan ziren, larunbat-jaia isilean ospatzera. Salatu zioten hori Filipori, eta denak batera bizirik erre zituzten eta ez ziren defendatu, egun haren santutasuna errespetatzeagatik.

12. Liburu hau eskuetan hartuko dutenei hau eskatzen diet: ez daitezela uzkurtu zoritxarrengatik. Bestela baizik: pentsa dezatela, zigor hauek ez direla gure herria hondatzeko gertatu, hezteko baino.

13. Izan ere, bekatariak beren hartan luzaro ez uztea, baizik eta zigorra berehala ematea onginahi handiaren ezaugarri da.

14. Beste nazioak zigortzeko, eroapen handiz itxaron ohi du Jaun handiak, beren bekatuen neurria bete dezaten arte. Gurekin, aldiz, horrela ez jokatzea erabaki du;

15. ez baikaitu zigortu nahi gure bekatuak azkenera heldu ondoren.

16. Ez digu inoiz ere ukatzen bere errukia. Zoritxarren bidez hezten duenean ere, ez du bere herria eskutik uzten.

17. Esan dugun hau izan bedi zentzapenerako. Eta honen ondoren, goazen kontakizunaren harira.

18. Eleazar lege-maisu nagusienetakoa zen, adin handikoa eta itxura bikainekoa. Ahoa zabaltzera behartu eta txerrikia janarazi nahi zioten.

19. Bera, berriz, bizitza lotsagarria baino heriotza ospetsua nahiago zuenez, bere gogoz zihoan makilakadak hartzera,

20. ahoan zeukana botaz. Horrelaxe egin behar dute debekatutako janaria gutxiesteko adorea dutenek, nahiz eta bizia arriskuan jarri.

21. Legearen kontrako otordu hartan buru zirenek aparte hartu zuten Eleazar. Aspalditik ezaguna zutenez, jatea zilegi zitzaion okela berak prestatu eta ekartzeko esaten zioten, eta erregeak agindu bezala sasijainkoei eskainitako okela zeneko itxurak eginez jan zezala;

22. horrela, heriotzatik libratuko zela eta, lehen beraiekin izan zuen adiskidetasunagatik, gizabidez erabiliko zutela.

23. Baina bere adinari, bere zahartzaroaren nagusitasunari eta lanean zuritutako ile agurgarriari zegokien jokaera ohoretsua hartu zuen Eleazarrek; haurtzarotik izan zuen jokaera bikainari eta, batez ere, Jainkoak ezarritako lege santuari jarraitu zien. Beraz, lehenbailehen hil zezatela agindu zien.

24. Honela ziotsen: «Gure adinean ez da egoki itxurak egitea; gazte askok uste izango du Eleazarrek, bere laurogeita hamar urteekin, atzerritarren biziera hartu duela,

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 6