Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 6:6-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Ezin zen larunbateko jaia egin, ez arbasoengandik zetozen jaiak ospatu, ezta nork bere burua judu agertu ere.

7. Aldiz, gogorkeria garratzez behartuak zeuden hilero erregearen jaiotegunean sasijainkoei eskainitako janariak hartzera. Eta Dionisos jainkoaren omenezko jaiegunetan behartuak zeuden prozesioan joatera, huntzezko koroa buruan zutela.

8. Ptolemaidako bizilagunen eraginez, agindua atera zen, inguruetako hiri greziarretan ere jokaera bera izan zezaten juduen kontra, sasijainkoari eskainitako janariak hartzera behartuz.

9. Greziar ohiturak onartzen ez zituztenei lepoa mozteko ere agindu zen. Argi ikus zitekeen, beraz, nolako zoritxarra zetorren.

10. Adibidez, bi emakume, beren semetxoak erdaindu zituztela eta, auzitara eraman zituzten. Beren haurrak bularretik zintzilik ipinita, hirian barrena erabili zituzten denen aurrean eta, gero, harresietan behera amildu.

11. Judu batzuk Jerusalem inguruko leize-zuloetara joan ziren, larunbat-jaia isilean ospatzera. Salatu zioten hori Filipori, eta denak batera bizirik erre zituzten eta ez ziren defendatu, egun haren santutasuna errespetatzeagatik.

12. Liburu hau eskuetan hartuko dutenei hau eskatzen diet: ez daitezela uzkurtu zoritxarrengatik. Bestela baizik: pentsa dezatela, zigor hauek ez direla gure herria hondatzeko gertatu, hezteko baino.

13. Izan ere, bekatariak beren hartan luzaro ez uztea, baizik eta zigorra berehala ematea onginahi handiaren ezaugarri da.

14. Beste nazioak zigortzeko, eroapen handiz itxaron ohi du Jaun handiak, beren bekatuen neurria bete dezaten arte. Gurekin, aldiz, horrela ez jokatzea erabaki du;

15. ez baikaitu zigortu nahi gure bekatuak azkenera heldu ondoren.

16. Ez digu inoiz ere ukatzen bere errukia. Zoritxarren bidez hezten duenean ere, ez du bere herria eskutik uzten.

17. Esan dugun hau izan bedi zentzapenerako. Eta honen ondoren, goazen kontakizunaren harira.

18. Eleazar lege-maisu nagusienetakoa zen, adin handikoa eta itxura bikainekoa. Ahoa zabaltzera behartu eta txerrikia janarazi nahi zioten.

19. Bera, berriz, bizitza lotsagarria baino heriotza ospetsua nahiago zuenez, bere gogoz zihoan makilakadak hartzera,

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 6