Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 5:15-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Eta ez zuen hori aski izan; lurreko tenplurik santuenean sartzera ere ausartu zen, Menelao —legeak eta bere aberria saldu zituen hura— gidari zuela.

16. Bere esku kutsatuz hartu zituen ontzi sakratuak eta santutegi hura aberastu, edertu eta ohoratzearren aurreko erregeek eginiko emariak lapurtu.

17. Antioko harrotu egin zen bere baitan, eta ez zen ohartu, Jaun handia Jerusalemgo jendearen bekatuengatik zegoela alditxo batez haserre eta horregatik ez ziola begiratzen toki santuari.

18. Izan ere, juduak hainbeste bekatutan murgilduak egon izan ez balira, Antioko ere, heldu orduko, zigorkatu egingo zukeen Jaunak eta beraren ausardia makurrarazi, antzina Heliodoro bezala, Seleukok altxortegia ikertzera bidali zuen hartan.

19. Jaunak, izan ere, ez zuen herria tenpluarengatik aukeratu, tenplua herriarengatik baizik.

20. Horregatik, herriari gertaturiko zoritxarretan tenpluak ere parte izan zuen bezala, herriaren zorionetan ere halaxe izan zuen gero. Eta Jaun ahalguztidunak, haserretuta, eskutik utzia bazuen ere, berriro adiskidetu ondoren, bere edertasun osoan berriztatu zuen.

21. Eta horrela, tenpluan berrogeita zortzi mila kilo zilar ebatsi ondoren, Antiokiara joan zen berehala Antioko. Bere harrokerian eta handiustean, lehorrean itsasontziz eta itsasoan oinez ibil zitekeela uste izan zuen.

22. Eta zenbait gobernari utzi zuen herriari kalte egiteko: Jerusalemen Filipo utzi zuen, jatorriz Frigiakoa, gobernari izendatu zuen Antioko bera baino basatiagoa;

23. Garizim mendian Androniko utzi zuen; eta batik bat, Menelao, besteak baino askoz gaiztoagoa bere herritarrentzat.Juduenganako gorrotoz beterik,

24. Misiako gudari alokatuen buruzagi zen Apolonio bidali zuen Antiokok Jerusalemera hogeita bi mila gizoneko gudarostearen buruzagi, sasoiko gizaseme guztiei lepoa mozteko, eta emakumeak eta haurrak esklabo saltzeko aginduz.

25. Heldu zen, beraz, Apolonio Jerusalemera eta, bake asmotan zetorren itxura eginez, geldi egon zen larunbata, egun santua, etorri arte. Juduek atseden-eguna zutela ikusirik, desfilea egiteko agindu zien gudariei.

26. Orduan, ikuskizun hura ikustera atera ziren guztiak hil egin zituen; eta, gainera, gudari armatuek, hirian barrena ibiliz, jendetza handia hil zuten.

27. Judas, Makabearra deitua, berriz, bederatzi lagunekin basamortura joan zen. Bera eta lagunak mendian bizi ziren basabereak bailiran. Belarra baizik ez zuten jaten, legeak debekatua janda ez kutsatzearren.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 5