Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 4:31-43 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

31. Erregea bizkor joan zen istilu hura zuzentzera, handikietako bat, Androniko, bere ordezko utzirik.

32. Menelaok, egokiera ederra zuela ikusiz, santutegian urrezko ontzi batzuk ostu eta Andronikori erregalatu zizkion; beste batzuk, berriz, Tiron eta inguruetako hirietan saldu zituen.

33. Horren berri ziur jakitean, Antiokiatik hurbil dagoen Dafneko santutegira babesleku bila joana zen Oniasek aurpegira bota zion okerkeria hura Menelaori.

34. Baina honek, Androniko bakarrean harturik, Onias hiltzera bultzatu zuen. Orduan, Andronikok, Oniasen bila joan eta, azpikeriaz, bereganatu egin zuen honen konfiantza. Eskuineko eskua luzatuz zin egin zion eta babeslekutik atera zedin lortu zuen, nahiz eta Oniasek zalantzak zituen. Atera orduko hil egin zuen, justiziari inolako begiramenik izan gabe.

35. Hori zela eta, juduak ez ezik, beste nazioetako asko ere haserretu egin ziren eta ezin izan zuten eraman gizon hura halako bidegabekeriaz hilarazi izana.

36. Ziliziako eskualdeetatik Antioko itzuli zenean, hiriko juduak eta gaiztakeria hura gaitzesten zuten greziarrak Oniasen hilketa bidegabea salatzera joan zitzaizkion erregeari.

37. Barne-muinetaraino hunkitu eta errukiturik, malkoak isuri zituen Antiokok, hildakoaren zuhurtziaz eta neurritasun handiaz oroituz.

38. Eta haserre sutan, erantzarazi egin zion Andronikori purpurazko soinekoa eta jantziak urratu; gero, Onias maltzurkeriaz hil zuen tokiraino hirian barrena eraman eta bertan desagerrarazi zuen mundu honetatik hiltzaile hura. Merezitako zigorra eman zion horrela Jaunak.

39. Menelaoren oniritziz, lapurreta sakrilego asko egin zuen Lisimakok Jerusalemen. Albiste hau zabaldu zenean, asaldatu egin zen herria Lisimakoren kontra. Ordurako, sakabanatua zen urrezko gauza asko.

40. Jende guztia haserrez gainezka asaldatu zelarik, hiru mila gizon armatu zituen Lisimakok eta jendearen kontrako erasoa hasi, zaharra bezain eroa zen Aurano izeneko baten buruzagitzapean.

41. Lisimako erasotzen ari zela ohartzean, batzuek harriak eta beste batzuek makilak hartu zituzten; beste batzuek, berriz, han zegoen errautsa esku beteka; eta denek zalapartaka Lisimakoren jendearen kontra jo zuten.

42. Haietako asko zauritu eta beste batzuk hil ere egin zituzten; gainerakoei ihes eragin zieten. Profanatzailea bera ere hil egin zuten tenpluko altxortegi ondoan.

43. Gertakari hauengatik auzitara eraman zuten Menelao.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 4