Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 4:16-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Horrexegatik, egoera penagarrian gertatu ziren: greziarren jokabideak eta biziera hartu nahi zituzten, eta eredu eta imitagarritzat hartu nahi zituzten greziarrak berak bihurtu zitzaizkien etsai eta borrero.

17. Ezin dira Jainkoaren legeak hautsi ondoriorik jasan gabe, gerora ikusiko denez.

18. Tiro hirian lau urtez behingo jokoak, erregea bertan zela, egiten ari zirenean,

19. antiokiar hiritartasuna zuten jerusalemdar batzuk bidali zituen Jason nazkagarriak. Zilarrezko hirurehun txanpon zeramatzaten Herakleoren omenez egiten zen sakrifiziorako. Eramaileek, ordea, egokiago iritzi zioten diru hura opari hartan baino beste zerbaitetan eralgitzeari.

20. Eta horrela, bidaltzaileak Herakleorentzako oparitan eralgi nahi zuen dirua, hiru arraun-lerroko itsasontziak egiteko eman zuten eramaileek.

21. Menesteoren seme Apolonio Egiptora bidali zuten Filometorren errege-koroapenerako. Orduan jakin zuen Antiokok Filometor erregea ez zetorrela bat beraren politikarekin. Bere segurtasunaz kezkaturik, Antiokok, Jope hirian zehar, Jerusalemera jo zuen.

22. Jasonek eta hiritarrek ongietorri handia egin zioten, eta lastargi eta oihu artean sartu zen. Gero, Feniziaraino joan zen Antioko bere gudarostearekin.

23. Hiru urteren buruan, lehen aipatua dugun Simonen anaia Menelao bidali zuen Jasonek, erregeari dirua eraman eta garrantzizko arazoen negoziaketa egin zezan.

24. Erregeagana gizon handikiaren tankeran joanik, beretzat iritsi zuen Menelaok apaizgo nagusia, Jasonek baino zortzi mila kilo zilar gehiago eskainiz.

25. Erregearen agiria harturik, Jerusalemera itzuli zen Menelao. Ez zeraman deus ere apaiz nagusi izateko duin egingo zuenik, jauntxo ankerraren sumina eta basapiztiaren amorrua izan ezik.

26. Eta, bere anaiari tokia kendua zion Jasoni ere beste batek kendu zion berea eta ihes egin behar izan zuen Jasonek Aman lurraldera.

27. Menelao, ordea, agintearen jabe egin zelarik, ez zen arduratzen erregeari hitzemandako dirua ordaintzeaz,

28. gotorlekuko gudalburu zen Sostratesek eskatzen zion arren. Sostratesek zuen, izan ere, zergak biltzeko ardura. Orduan, biei egin zien dei erregeak.

29. Menelaok bere anaia Lisimako utzi zuen bere ordezko apaiz nagusi, eta Sostratesek zipretar gudarien buruzagi zen Krates.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 4