Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 2:19-23-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19-23. «Zireneko Jasonek idatzitako bost liburuetan daude jasoak gertakari hauek: Judas Makabearraren eta anaien historia, tenplu handiaren garbikuntza eta aldarearen sagaratzea, Antioko Epifanes eta beronen seme Eupatorren kontrako guduak, judaismoaren alde ausarki borrokatu ziren gizon adoretsuen alde izandako zerutiko agerpenak. Gizon hauek, hain gutxi izanik ere, lurralde osoa hondatu eta atzerritar-talde handiei ihes eragin zieten, mundu osoan ospetsua den tenplua berreskuratu zuten, Jerusalem askatu eta baztertzeko zorian zeuden legeak berrezarri zituzten. Izan ere, Jauna, erruki handiz, beraien alde egon zen. Jasonek bost liburutan jaso zuen hau guztia liburu bakarrean laburbiltzen ahaleginduko gara.

24. Ohartu gara, izan ere, eman beharreko zenbakiak asko eta gaia oso zabala direnez, nekagarri gerta daitekeela historiako gertakarietan murgildu nahi duenarentzat.

25. Horregatik, irakurketa soila egin nahi duenarentzat atsegingarri, sakonago aztertu nahi duenarentzat erraz eta liburu hau hartuko duten guztientzat onuragarri izango den zerbait eskaintzen saiatu gara.

26. Laburpen hau burutzeko eginkizuna hartu dugunontzat ez da izan, ez, lan erraza; izerdia isuri eta gaualdi asko eman behar izan dugu.

27. Bazkari ona eman nahi eta besteen atsegina bilatzen duenak ere ez du lan erraza hartzen. Baina besteei zerbitzua egitearren, gogo onez eramango dugu geuk ere neke hau.

28. Jason historialariari utziko diogu gertakari bakoitzaren xehetasunetan sartzea; laburpen-arauak betetzen saiatu gara gu.

29. Etxe berria egitean, arkitektoari dagokio egitura osoaz arduratzea; edertu eta margotu behar duenari, aldiz, apaindurez bakarrik arduratzea. Guri ere horixe bera gertatzen zaigulakoan nago.

30. Gertakariak sakontzea, ingurugiroa aztertzea eta xehetasunak arretaz ikertzea historialariari dagokio.

31. Baina, gertakariak luze-zabal kontatzeari uko eginez, gauzak laburki ematen utzi behar zaio egokitzaileari.

32. «Has dezagun, beraz, geure kontaera, orain arte esanari besterik erantsi gabe, ergelkeria izango bailitzateke hitzaurrea luzatzea eta historia bera laburtzea».

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 2