Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 14:18-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. Hala ere, Nikanorrek jakin zuen nolakoa zen Judasen gudarien ausardia eta nolako adorez borrokatzen ziren beren aberriaren alde, eta beldur izan zen arazo hura odola isuriz erabakitzeko.

19. Horregatik, Posidonio, Teodoto eta Matatias bidali zituen, juduekin bakeak egitera.

20. Proposamenak arretaz azterturik, buruzagia gudarostearekin mintzatu eta ontzat hartu zuten denek hitzarmena egitea.

21. Eta buruzagiek bakarrean elkar ikusteko eguna izendatu zuten. Egun horretan, gudaroste bakoitzak guda-gurdi bana aurrerarazi eta ohorezko jarlekuak ezarri zituzten.

22. Judasek ipiniak zituen gudari armatuak toki egokietan, etsaiek ustekabean eta amarrukeriaz erasotzen bazuten ere. Baina bat etorriz bukatu zen elkarrizketa.

23. Nikanor Jerusalemen gelditu zen aldi batez, inolako arazorik sortu gabe. Gainera, multzoka bildu izan zitzaion jendea bidali egin zuen.

24. Maiz ikusten zuten elkar Judasek eta biek; Judas oso begiko gertatu zitzaion.

25. Ezkondu eta seme-alabak izan zitzala esan zion. Ezkondu zen, bada, Judas eta lasai bizi izan zen, beste edozein bezala.

26. Nikanorrek eta Judasek elkar ongi hartzen zutela ikustean, Alkimo hitzarmenaren kopia eskuratu eta Demetrio erregeagana joan zen. Nikanor gobernuaren interesen aurka zebilela salatu zion, erreinuaren etsai zen Judas bere ondorengo izendatu zuelako.

27. Maltzur haren salaketak beroturik, erregeak, bere onetik aterata, Nikanorri idatzi zion: egindako hitzarmenagatik haserre zegoela esaten zion eta Makabearra katez lotua berehala Antiokiara bidaltzeko agintzen.

28. Mezu hau hartzean, lur jorik gelditu zen Nikanor. Izan ere, ez zitzaion buruan sartzen inolako okerrik egin ez zuen gizon harekin sinaturiko hitzarmena hautsi beharra.

29. Baina erregeari kontra egin ezin zionez, agindua azpikeriaren batez bete ahal izateko abagune bila zebilen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 14