Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 14:11-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Alkimok hori esatean, erregearen beste adiskideak Demetrio gehiago berotzen lehiatu ziren, gorrotoa baitzioten Judasi.

12. Erregeak berehala Nikanor, elefante-sailaren gudalburua, Judeako gobernari izendatu eta bidali egin zuen,

13. Judas hil, beronen lagunak sakabanatu eta Jerusalemgo tenplu handiko apaiz nagusi Alkimo izendatzeko agindua emanik.

14. Judasengandik ihesi joanak ziren Judeako jentilak multzoka bildu zitzaizkion Nikanorri, juduen zoritxar eta hondamena beraien onerako izango zirelakoan.

15. Jakin zuten juduek Nikanor gudarostearekin hurbiltzen ari zela eta jentilak erasoka zetozela. Orduan, buru gainera hautsa bota eta otoitz egin zioten Jaunari, Israel herria betiko ezarri eta, agerpen miresgarriak eginez, beti zaintzen duenari.

16. Buruzagiak agindurik, atera eta Desau herrixka ondoan ekin zioten etsaien aurka borrokari.

17. Judasen anaia Simon ere borrokan ari zen Nikanorren kontra; baina etsaiak ustekabean etorri eta makurraldi txiki bat izan zuen Simonek.

18. Hala ere, Nikanorrek jakin zuen nolakoa zen Judasen gudarien ausardia eta nolako adorez borrokatzen ziren beren aberriaren alde, eta beldur izan zen arazo hura odola isuriz erabakitzeko.

19. Horregatik, Posidonio, Teodoto eta Matatias bidali zituen, juduekin bakeak egitera.

20. Proposamenak arretaz azterturik, buruzagia gudarostearekin mintzatu eta ontzat hartu zuten denek hitzarmena egitea.

21. Eta buruzagiek bakarrean elkar ikusteko eguna izendatu zuten. Egun horretan, gudaroste bakoitzak guda-gurdi bana aurrerarazi eta ohorezko jarlekuak ezarri zituzten.

22. Judasek ipiniak zituen gudari armatuak toki egokietan, etsaiek ustekabean eta amarrukeriaz erasotzen bazuten ere. Baina bat etorriz bukatu zen elkarrizketa.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 14