Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 12:8-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Bitartean, jakinarazi zioten Judasi Jamnia hirikoek ere bertan bizi ziren juduei antzeko zerbait egin nahi zietela.

9. Orduan, eraso egin zien gauez Jamniakoei eta su eman portuari eta itsasontziei. Sugarrak Jerusalemdik ikusi ziren, berrogeita bosten bat kilometrora.

10. Judasek irtenaldia egin zuen Timoteoren kontra. Kilometro eta erdi ibili zirelarik, arabiar gudari-talde batek eraso zien. Bost mila oinezko ziren gutxienez eta bostehun zaldizko.

11. Gudua izugarria izan zen; baina Judasenak nagusitu ziren Jainkoaren laguntzaz. Arabiar garaituek bakeak egitea eskatu zioten Judasi, abereak emango zizkiotela eta aurrerantzean lagunduko ziotela hitzemanik.

12. Arabiar haiek gauza askotan beraientzat baliagarri izan zitezkeela ikusirik, bakeak egin zituen beraiekin eta, adiskideturik, beren oihal-etxoletara itzuli ziren arabiarrak.

13. Hiri gotor bati ere eraso zion Judasek. Lubetaz eta harresiz inguratua zegoen, eta jatorri askotako jendea bizi zen bertan. Kaspin zuen izena.

14. Harresi sendoak eta janari aski zutela eta, inguratuak lotsagabe agertu ziren Judasen gudarien kontra, berauek irainduz, biraoak botaz eta zilegi ez diren gordinkeriak esanez.

15. Antzina, Josueren garaian, hesi-hausgailurik eta guda-tramankulurik gabe Jeriko hondatu zuen munduko Nagusi handiari dei egin ondoren, Judasen gizonek eraso egin zioten harresiari adore handiz.

16. Jainkoak hala nahirik hiriaz jabetu zirenean, esanezin ahalako sarraskia egin zuten. Inguru haietan zegoen zingira, laurehun metro inguru zabalekoa, bertaraino zihoan odolaz betea ageri zen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 12