Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 12:5-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Herrikideei egin zieten ankerkeriaren berri jakitean, bere gizonei aditzera eman zien Judasek.

6. Eta, Jainko epaile zuzenari dei egin ondoren, bere senideen hiltzaileen kontra abiatu zen. Su eman zion gauez portuari, itsasontziak erre eta han babestu zirenak ezpataz hil.

7. Gero, hiriko ateak itxiak zeudela ikusita, alde egin zuen handik, baina berriro etorri eta jendea erabat suntsitzeko asmoa harturik.

8. Bitartean, jakinarazi zioten Judasi Jamnia hirikoek ere bertan bizi ziren juduei antzeko zerbait egin nahi zietela.

9. Orduan, eraso egin zien gauez Jamniakoei eta su eman portuari eta itsasontziei. Sugarrak Jerusalemdik ikusi ziren, berrogeita bosten bat kilometrora.

10. Judasek irtenaldia egin zuen Timoteoren kontra. Kilometro eta erdi ibili zirelarik, arabiar gudari-talde batek eraso zien. Bost mila oinezko ziren gutxienez eta bostehun zaldizko.

11. Gudua izugarria izan zen; baina Judasenak nagusitu ziren Jainkoaren laguntzaz. Arabiar garaituek bakeak egitea eskatu zioten Judasi, abereak emango zizkiotela eta aurrerantzean lagunduko ziotela hitzemanik.

12. Arabiar haiek gauza askotan beraientzat baliagarri izan zitezkeela ikusirik, bakeak egin zituen beraiekin eta, adiskideturik, beren oihal-etxoletara itzuli ziren arabiarrak.

13. Hiri gotor bati ere eraso zion Judasek. Lubetaz eta harresiz inguratua zegoen, eta jatorri askotako jendea bizi zen bertan. Kaspin zuen izena.

14. Harresi sendoak eta janari aski zutela eta, inguratuak lotsagabe agertu ziren Judasen gudarien kontra, berauek irainduz, biraoak botaz eta zilegi ez diren gordinkeriak esanez.

15. Antzina, Josueren garaian, hesi-hausgailurik eta guda-tramankulurik gabe Jeriko hondatu zuen munduko Nagusi handiari dei egin ondoren, Judasen gizonek eraso egin zioten harresiari adore handiz.

16. Jainkoak hala nahirik hiriaz jabetu zirenean, esanezin ahalako sarraskia egin zuten. Inguru haietan zegoen zingira, laurehun metro inguru zabalekoa, bertaraino zihoan odolaz betea ageri zen.

17. Handik ehun eta hogeita hamar kilometro inguru urrundurik, Judas eta beronen gizonak Karaka izeneko hiri gotorrera heldu ziren, tubiar izeneko juduengana.

18. Hala ere, ez zuten Timoteo aurkitu toki hartan, handik alde egina baitzen ezer iritsi gabe; hala ere, gudari-talde oso sendoa utzi zuen.

19. Orduan, Makabearraren taldeko bi gudalburuk, Dositeok eta Sosipatrok, gotorlekuari eraso eta Timoteok han utzitako gizonak hil zituzten. Hamar mila baino gehiago ziren.

20. Makabearra, bere gudarostea gudari-taldetan banatu eta bakoitzari gudalburua ezarririk, Timoteori erasotzera abiatu zen. Timoteok ehun eta hogei mila oinezko eta bi mila eta bostehun zaldizko zituen berekin.

21. Judas hurbil zela jakinarazi ziotenean, Timoteok Karnion izeneko tokira bidali zituen emakumeak, haurrak eta tresneria; izan ere, toki hura menderaezina eta harrapaezina zen, hain ziren estuak lurralde hartako igarobide guztiak.

22. Judasen lehenengo gudari-taldea agertu orduko, beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren, dena ikusten duen Jainkoaren agerkundearen aurrean. Nor bere aldetik ihesi abiatu ziren denak, askotan beren artean elkar zaurituz eta ezpata-muturrez elkar zulatuz.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 12