Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 12:22-40 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Judasen lehenengo gudari-taldea agertu orduko, beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren, dena ikusten duen Jainkoaren agerkundearen aurrean. Nor bere aldetik ihesi abiatu ziren denak, askotan beren artean elkar zaurituz eta ezpata-muturrez elkar zulatuz.

23. Judasek kemen handiz pertsegitu zituen eta gaizkile haiek ezpataz jo. Hogeita hamar mila inguru hil zituen.

24. Timoteo bera ere Dositeo eta Sosipatroren gudarien eskuetan erori zen. Baina libre eta onik joaten uzteko eskatu zien azerikeriaz, gudari haietako askoren guraso eta senideak bahituak zituela eta hil egingo zituztela esanez.

25. Bahitu guztiak onik itzularaziko zituela hitzeman zuen Timoteok, berriketa ugariz. Orduan, askatu egin zuten, senide haiek salbatu nahiz.

26. Judas Karnionera itzuli zen, Atergateion izeneko jauretxera, eta han hogeita bost mila gizon hil zituen.

27. Etsaiak menderatu eta suntsitu ondoren, Judasek Efronera zuzendu zuen bere gudarostea; hiri gotor hartan bizi zen Lisias, baita jatorri askotako jendea ere. Gudari gazte indartsuak, harresi aurrean jarririk, ausarki borrokatzen ziren. Barruan jaurtigailu eta arma ugari zuten bildua.

28. Baina, bere kemenaz etsaien indarrak desegiten dituen Nagusiari dei egin ondoren, hiriaz jabetu eta barruan zeudenetarik hogeita bost mila inguru hil zituzten.

29. Handik Eszitopolis hiriaren kontra jo zuten; Jerusalemdik ehun eta hamar kilometro ingurura zegoen.

30. Hiri hartan bizi ziren juduek, ordea, jakinarazi zieten oso ongi tratatzen zituztela eszitopolistarrek eta aldi txarretan gizabidez hartu zituztela.

31. Orduan, Judasek eta honen gizonek eskerrak eman zizkieten hiri hartakoei eta aurrerantzean ere juduak ongi hartzeko esan. Gero, Jerusalemera itzuli ziren, Asteen Jaia baino lehentxeago.

32. Jai hura, Mendekoste ere deitua, ospatu ondoren, Idumeako gobernari zen Gorgiasen kontra jo zuten juduek.

33. Gorgias hiru mila oinezko eta laurehun zaldizkorekin atera zitzaien.

34. Gudukatzean judu batzuk hilak gertatu ziren.

35. Dositeo zeritzan zaldun ausart batek, tubiar izeneko judu-taldekoak, eskua erantsi zion Gorgiasi eta, arropatik heldurik, arrastaka zeraman indarrean, madarikatu hura preso hartzeko asmoz. Baina traziar jatorriko zaldun batek Dositeori atzetik eraso eta besoa moztu zion. Orduan, Gorgiasek Marisa izeneko hirira egin zuen ihes.

36. Esdrinen taldeko gudariak leher eginak zeuden, luzaro ari baitziren borrokan. Orduan, gudaldian lagun eta gidari ager zekiela eskatu zion Judasek Jaunari.

37. Gero, bere hizkuntzan gudu-deiadarra eta beste zenbait kantu oihukatuz, ustekabean eraso zion Gorgiasen gudarosteari eta ihes eragin.

38. Gero, bere gudarostea bildu eta Odolam hirira eraman zuen Judasek. Asteko zazpigarren eguna zetorrela eta, beren buruaren garbikuntza eginik, larunbat-jaia ospatu zuten.

39. Beharrezkoa egin zen gudarien gorpuak biltzea. Horregatik, biharamunean hartu eta arbasoen hobietan lur eman zieten, beraien ahaideekin batera.

40. Baina hildako bakoitzari, jantzien azpian, Jamniako idoloei eskainitako gauzak, legeak juduei debekatuak, aurkitu zizkioten. Horrela ikusi zuten argi zergatik hil ziren gudari haiek.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 12