Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 12:20-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Makabearra, bere gudarostea gudari-taldetan banatu eta bakoitzari gudalburua ezarririk, Timoteori erasotzera abiatu zen. Timoteok ehun eta hogei mila oinezko eta bi mila eta bostehun zaldizko zituen berekin.

21. Judas hurbil zela jakinarazi ziotenean, Timoteok Karnion izeneko tokira bidali zituen emakumeak, haurrak eta tresneria; izan ere, toki hura menderaezina eta harrapaezina zen, hain ziren estuak lurralde hartako igarobide guztiak.

22. Judasen lehenengo gudari-taldea agertu orduko, beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren, dena ikusten duen Jainkoaren agerkundearen aurrean. Nor bere aldetik ihesi abiatu ziren denak, askotan beren artean elkar zaurituz eta ezpata-muturrez elkar zulatuz.

23. Judasek kemen handiz pertsegitu zituen eta gaizkile haiek ezpataz jo. Hogeita hamar mila inguru hil zituen.

24. Timoteo bera ere Dositeo eta Sosipatroren gudarien eskuetan erori zen. Baina libre eta onik joaten uzteko eskatu zien azerikeriaz, gudari haietako askoren guraso eta senideak bahituak zituela eta hil egingo zituztela esanez.

25. Bahitu guztiak onik itzularaziko zituela hitzeman zuen Timoteok, berriketa ugariz. Orduan, askatu egin zuten, senide haiek salbatu nahiz.

26. Judas Karnionera itzuli zen, Atergateion izeneko jauretxera, eta han hogeita bost mila gizon hil zituen.

27. Etsaiak menderatu eta suntsitu ondoren, Judasek Efronera zuzendu zuen bere gudarostea; hiri gotor hartan bizi zen Lisias, baita jatorri askotako jendea ere. Gudari gazte indartsuak, harresi aurrean jarririk, ausarki borrokatzen ziren. Barruan jaurtigailu eta arma ugari zuten bildua.

28. Baina, bere kemenaz etsaien indarrak desegiten dituen Nagusiari dei egin ondoren, hiriaz jabetu eta barruan zeudenetarik hogeita bost mila inguru hil zituzten.

29. Handik Eszitopolis hiriaren kontra jo zuten; Jerusalemdik ehun eta hamar kilometro ingurura zegoen.

30. Hiri hartan bizi ziren juduek, ordea, jakinarazi zieten oso ongi tratatzen zituztela eszitopolistarrek eta aldi txarretan gizabidez hartu zituztela.

31. Orduan, Judasek eta honen gizonek eskerrak eman zizkieten hiri hartakoei eta aurrerantzean ere juduak ongi hartzeko esan. Gero, Jerusalemera itzuli ziren, Asteen Jaia baino lehentxeago.

32. Jai hura, Mendekoste ere deitua, ospatu ondoren, Idumeako gobernari zen Gorgiasen kontra jo zuten juduek.

33. Gorgias hiru mila oinezko eta laurehun zaldizkorekin atera zitzaien.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 12