Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 11:1-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Antioko IV.a erregearen hezitzaile eta ahaide zen Lisias gobernuburua oso haserre zegoen gertatuagatik. Handik pixka batera,

2. laurogei mila gizon eta bere zalditeria osoa bildurik, juduen kontra abiatu zen. Jerusalem greziarren bizileku bihurtu nahi zuen,

3. jentilen beste jauretxeei bezala tenpluari ere zergak ezarri eta urtero apaiz nagusi kargua salgai jarri.

4. Lisiasek ez zuen kontuan, inola ere, Jainkoaren ahalmena. Harrotua zegoen hainbeste milaka gudari eta zaldun eta laurogei elefante zituelako.

5. Judean sarturik, Jerusalemdik hogeita hamar kilometrora dagoen Bet-Sur hiri gotor sendora hurbildu eta inguratu egin zuen.

6. Makabearraren aldekoek, Lisias gotorleku hura inguratzen ari zela jakitean, jende guztiarekin batera, hasperen eta negar artean, otoitz egin zioten Jaunari, Israel salbatzera aingeru ona bidal zezan.

7. Makabearrak, armak hartzen lehena bera izanik, adoretu egin zituen besteak, beren senideei laguntzearren arriskuari aurre egin ziezaioten. Eta denak batera ausarki oldartu ziren.

8. Han bertan, Jerusalemdik hurbil, zuriz jantziriko zaldun bat agertu zitzaien aurrean, eskuan urrezko armak zituela.

9. Orduan, denek aho batez Jainko errukitsua goretsi zuten. Erabat adoretuak eta kemenez beteak, prest zeuden gizonei ez ezik, basabererik amorratuenei eta burdinazko harresiei ere erasotzeko.

10. Guda-lerrotan jarririk, aurrera zihoazen, zerutiko laguna gidari zutela. Izan ere, errukitu egin zitzaien Jauna.

11. Lehoiak bailiran erori ziren etsaien gainera. Hamaika mila gudari oinezko eta mila eta seiehun zaldizko hil zituzten eta, gainera, guztiei ihes eragin.

12. Gehienak zaurituak eta armak galdurik joan ziren ihesi; Lisias bera ere lotsagarri ihes eginez salbatu zen.

13. Lisias, ordea, ez zen zentzugabea. Jasan zuen hondamendia hausnartuz, hebrearrak menderagaitz zirela ohartu zen, Jainko ahaltsua lagun zutelako.

14. Orduan, mandatariak bidali zizkien juduei bakeak egiteko, baldintza bidezkoak ipiniz. Erregea ere beraiekin adiskidetzera bultzatuko zuela hitzeman zien.

15. Denen onari begira, baiezkoa eman zien Makabearrak Lisiasen proposamen guztiei. Erregeak ere, bere aldetik, Makabearrak juduentzat Lisiasi idatziz eskatutako guztia eman zion.

16. Lisiasek juduei idatzi zien gutunak hau zioen: «Lisiasek judu-herriari, agur!

17. Joan eta Absalom zuen mandatariak eman didate azpian idatzitako gutuna, eta berorretan datozen proposamenak onartzeko eskatu.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 11