Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 10:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jaunaren gidaritzapean, Judasek eta beronen lagunek berreskuratu egin zituzten santutegia eta hiria.

2. Eta eraitsi egin zituzten atzerritarren hiriko plazan eraikitako aldare eta kultu-lekuak.

3. Tenpluaren garbikuntza egin ondoren, beste aldare bat eraiki zuten eta, suharriz sua pizturik, sakrifizioa eskaini zuten, bi urtez eskaini gabe egon ondoren. Intsentsua erre zuten, kriseiluak piztu eta eskainiriko ogiak mahaian ezarri.

4. Ohikune hauek egin ondoren, lurrean ahuspezturik, otoitz egin zioten Jaunari, berriro halako ezbeharretan erortzen ez uzteko eskatuz. Eta inoiz bekaturik egiten bazuten, zigor zitzala neurriz eta ez zitzala utzi jende biraolari eta arrotzaren esku.

5. Arrotzek tenplua profanatu zuten egun berean egin zuten tenpluaren garbikuntza, hau da, Kasleu deritzan hilaren hogeita bostean.

6. Etxola Jaia bezala, zortzi egunez ospatu zuten jai hura ere bozkarioz. Oroitzen ziren nola ospatu zuten, pixka bat lehentxeago, Etxola Jaia: basapiztiak bezala, mendian eta leize-zuloetan biziz.

7. Lorez apainduriko makilak, adar hezeak eta palmadarrak eskuetan zituztela, gorazarreak kantatzen zizkioten bere toki santuaren garbikuntza egitera eraman zituen hari.

8. Eta denak bat etorriz eta baietza emanez, jaiegun haiek judu-herri osoak urtero ospatzea erabaki zuten.

9. Azaldu berria dugu nola hil zen Antioko, Epifanes deitua.

10. Orain, zital haren seme Antioko Eupatorren egintzak azalduko ditugu, beraren guduengatik gertatu ziren kalteak labur aipatuz.

11. Erregetza harturik, Antioko Eupatorrek Lisias izeneko bat —Koele-Siria eta Feniziako gobernaria— izendatu zuen gobernuburu.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 10