Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 33:9-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Manasesek, aldiz, okerbideratu egin zituen Judako eta Jerusalemgo bizilagunak, eta antzina Jaunak israeldarren aurretik suntsitu zituen herriek baino askoz okerrago jokarazi zien.

10. Ohartarazi zituen Jaunak Manases eta bere herria, baina ez zioten aditu.

11. Orduan, Jaunak Asiriako erregearen gudalburuak etorrarazi zituen haien kontra, eta gudalburuek Manases burdinazko kakoz harrapatu, brontzezko bi katez lotu eta Babiloniara eraman zuten.

12. Bere burua halako larrialdian ikusirik, Jauna, bere Jainkoa, baretzen saiatu zen Manases, bere arbasoen Jainkoaren aurrean apal-apal eginez

13. eta berari otoitza zuzenduz. Jaunak onez aditu eta entzun zion eskaria, eta Jerusalemera, bere erreinura, itzularazi zuen. Orduan, Jauna egiazko Jainkoa dela aitortu zuen Manasesek.

14. Jerusalemera itzulirik, altuera handiko harresia eginarazi zuen Daviden Hiriaren kanpoaldetik: Gihon iturriaren mendebaldetik hasi eta, Zedron haranean zehar, Arrain ateraino, Ofel auzategia inguratuz. Eta Judako hiri gotor guztietan buruzagiak ezarri zituen.

15. Kendu zituen Jaunaren etxetik jainko arrotzak eta idoloa, eta hiritik kanpora bota zituen tenplua zegoeneko mendixkan eta Jerusalemen berak lehen eraikitako aldareak.

16. Eta Jaunaren aldarea berriztaturik, elkartasun- eta esker oneko opariak eskaini zituen bertan, eta Jauna, Israelen Jainkoa, gurtzeko agindu zion Judari.

17. Hala ere, herriak muinoetako kultu-lekuetan opariak eskaintzen jarraitzen zuen, baina Jaunari, bere Jainkoari, bakarrik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 33