Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 32:17-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Senakeribek gutuna idatzi zuen Jauna, Israelen Jainkoa, irainduz eta beronen kontra honako hau esanez: «Beste lurraldeetako jendeen jainkoek ezin izan dituzte beren herriak nire eskuetatik libratu. Ezekiasen Jainkoak ere ezin izango du salbatu bere herria nire eskuetatik».

18. Ordezkari haiek ahots handiz eta hebreeraz mintzo zitzaizkion Jerusalemgo harresi gainean zegoen jendeari, ikara eta beldur zedin, horrela hiriaz jabetu ahal izateko.

19. Atzerritarrek giza eskuz eginak dituzten sasijainkoetako bat bailitzan mintzatu ziren Jerusalemgo Jainkoaz.

20. Egoera horretan, Ezekias erregeak eta Amotzen seme Isaias profetak otoitz egin zuten, zerura deituz.

21. Orduan, Jaunak aingerua bidali zuen eta aingeruak Asiriako erregearen gudarosteko gudari adoretsu guztiak, buruzagiak eta ofizialak hondatu egin zituen.Senakeribek, lotsaz beterik, bere herrira itzuli behar izan zuen. Eta bere jainkoen jauretxera sartu zenean, bere semeek hil zuten ezpataz.

22. Honela salbatu zituen Jaunak Ezekias eta Jerusalemgo bizilagunak Asiriako errege Senakeriben eta gainerako etsaien eskuetan erortzetik. Eta bakea eman zien alde guztietan.

23. Askok, orduan, eskaintzak eraman zizkioten Jaunari Jerusalemera, baita esku-erakutsiak ere Judako errege Ezekiasi. Gertakari honen ondoren, Ezekiasek ospe handia izan zuen nazio guztien aurrean.

24. Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Jaunari otoitz egin eta Jaunak miraria eginez erantzun zion.

25. Ezekiasek, aldiz, ez zuen erantzun hartutako mesedeari zegokionez, harrotu egin baitzen. Horregatik, Jaunaren haserrea piztu zen haren kontra eta Juda eta Jerusalemen kontra.

26. Baina bai Ezekias bera, bai Jerusalemgo bizilagunak, beren harrokeria aitorturik, apaldu egin ziren, eta Jaunak ez zituen zigortu Jerusalemgo bizilagunak Ezekias bizi izan zen artean.

27. Aberastasun eta ospe handiak izan zituen Ezekiasek. Zilar, urre, harribitxi, usainki, babeski eta era askotako gauza baliotsu ugari bildu zuen.

28. Mandioak egin zituen, gari-, ardo- eta olio-uztak gordetzeko, baita ukuiluak ere era guztietako abereentzat, eta eskortak artaldeentzat;

29. abere nahiz artalde ugari baitzuen, Jainkoak ondasun asko eman zionez. Hiriak ere eraiki zituen.

30. Ezekiasek Gihon errekaren goiko irteera estali eta lur azpitik eraman zuen Daviden Hiriaren mendebalderantz.Ezekiasek ongi burutu zituen bere egintza guztiak.

31. Alabaina, Juda erreinuan izana zen gertakari harrigarriaren berri jakitera, Babiloniako agintariek mandatariak bidali zizkiotenean, Jainkoak Ezekias eskutik utzi bazuen, probatzeko izan zen: nolako asmoak zituen ikusteko.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 32