Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 31:9-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Ezekiasek argitasunak eskatu zizkien apaizei eta lebitarrei multzo haietaz.

10. Tzadoken ondorengoa zen Azarias apaiz nagusiak eman zion erantzuna: «Jaunaren etxera emaitzak ekartzen hasi zirenez geroztik, asetzeko adina janari izan dugu, eta asko utzi dugu sobera. Izan ere, bedeinkatu egin du Jaunak bere herria. Hona hemen zenbat gelditu den sobera».

11. Ezekiasen aginduz, biltegi-gelak prestatu zituzten tenpluan,

12. eta bertara eraman zituzten xuxen emaitzak, hamarrenak eta eskaintza sakratuak. Gauza haien arduradun nagusia Konanias lebitarra zen, eta laguntzailea beraren anaia Ximei.

13. Eta bi hauen ardurapean Jehiel, Azazias, Nahat, Asahel, Jerimot, Jozabad, Eliel, Ismakias, Mahat eta Benaias ziren begirale, Ezekias erregearen eta tenpluko arduradun Azariasen aginduz.

14. Imnaren seme Kore lebitarrak, ekialdeko atea zaintzen zuenak, nork bere borondatez Jainkoari eginiko eskaintzen ardura zuen, eta Jaunarentzako emaitzak eta gauza sakratuak banatzekoa.

15. Koreren ardurapean, Edenek, Miniaminek, Jexuak, Xemaiasek, Amariasek eta Xekaniasek beren apaiz-lagunen artean xuxen banatu behar zituzten emaitzak apaizak bizi ziren hirietan, bakoitzari, handi nahiz txiki, bere mailaren arabera.

16. Emaitza, Jaunaren etxean egunero zerbitzua nork bere talde eta eginkizunaren arabera betetzen zutenei ez ezik, hiru urte zituztenez geroztik erroldan sartuak ziren apaiz-senitarteko gizasemeei ere egin behar zieten.

17. Apaizak senitarteka sartu ohi zituzten erroldan; lebitarrak, berriz, hogei urtez goikoak, beren eginkizun eta mailen arabera.

18. Apaiz lebitarren familia osoak sartu behar zuen erroldan, emazte eta seme-alabekin, hots, senitarte osoak; izan ere, etengabe arduratu behar zuten beren eginkizun sakratuaz.

19. Hiri inguruetako auzategietan bizi ziren Aaronen ondorengo apaizei eta erroldan zeuden lebitarrei zegokiena emateko, gizon batzuk zeuden izendatuak hiri bakoitzean.

20. Horrela egin zuen Ezekiasek Juda osoan; ongi, zuzen eta leial jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren aurrean.

21. Jainkoaren etxeko zerbitzurako eta legeari nahiz aginduei buruz egin zuen guztia bere Jainkoaren nahia bihotzez betetzen saiatuz egin zuen, eta dena ongi burutu ahal izan zuen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 31