Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 30:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Ezekiasek dei egin zien Israel eta Judako guztiei, eta Efraim eta Manasesen lurraldeetakoei ere dei-gutunak bidali zizkien, Jerusalemera, Jaunaren etxera, etor zitezen, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, Pazko-jaia ospatzera.

2. Izan ere, erregeak, buruzagiek eta Jerusalemgo jendeak, batzarturik, Pazkoa bigarren hilabetean ospatzea erabakia zuten.

3. Ezin izan zuten bere garaian ospatu, garbikuntza eginiko apaizak aski ez zirelako eta jenderik ere bildu ez zelako Jerusalemen.

4. Ongi iruditu zitzaien hori bai erregeari, bai biltzar osoari.

5. Beer-Xebatik hasi eta Danerainoko israeldar guztiei deia zabaltzea erabaki zuten, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, Pazko-jaia Jerusalemen ospatzera etor zitezen, gehienek ez baitzuten ospatu agindua dagoen eran.

6. Mezulariak, erregearen eta buruzagien gutunak harturik, Israel eta Juda osoan barrena ibili ziren, erregearen aginduz mezu hau emanez: «Israeldarrok, itzul zaitezte Jaunarengana, Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoarengana. Bera ere itzuliko da, Asiriako erregearen eskuetatik ihes egin eta bizirik gelditu zaretenongana.

7. Ez izan zeuen guraso eta senideen antzeko, baztertu egin baitzuten Jauna, beren arbasoen Jainkoa. Horregatik, era izugarrian hondatu zituen, zeuen begiz ikus dezakezuenez.

8. Ez izan, beraz, burugogor, zeuen gurasoen antzera. Hurbil zaitezte Jaunarengana, eta zatozte berak betiko sagaratu duen santutegira. Obeditu Jaunari, zeuen Jainkoari, eta berak aldenduko du zuengandik bere haserre-sumina.

9. Zuek Jaunarengana itzultzen bazarete, errukituko zaizkie zuen senide eta seme-alabei beraiek erbesteratu zituztenak, eta etorri ahal izanen dira aberrira. Izan ere, bihozbera eta errukiorra da Jauna, zuen Jainkoa, eta ez zaituzte baztertuko, zuek berarengana itzultzen bazarete».

10. Mezulariak hiriz hiri ibili ziren Efraim eta Manasesen lurraldeetan zehar, eta Zabulon lurralderaino ere heldu ziren; baina burla eta barre egin zieten.

11. Hala ere, Axer, Manases eta Zabulonen lurraldeetan batzuk amore eman eta etorri ziren Jerusalemera.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 30