Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 29:1-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Hogeita bost urte zituen Ezekiasek errege izaten hastean, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Abia zuen izena eta Zakariasen alaba zen.

2. Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere arbaso Davidek bezalaxe.

3. Bere erregealdiko lehen urteko lehen hilabetean Ezekiasek tenpluko ateak ireki zituen eta konpondu.

4. Gero, apaizak eta lebitarrak ekialdeko plazan bildurik,

5. honela mintzatu zitzaien: «Entzun, lebitarrok, egin zeuen buruen garbikuntza eta garbi ezazue Jaunaren, zeuen arbasoen Jainkoaren, etxea ere, eta atera bertatik kutsatua den guztia.

6. Izan ere, gure gurasoak desleialak izan ziren, Jaunari, gure Jainkoari, atsegin ez zaiona eginez; zapuztu egin zuten eta Jaunaren bizilekutik alde egin, berari bizkarra emanik.

7. Atalondoko ateak itxi zituzten eta argiak itzali; ez zuten intsentsurik erre, ez erre-oparirik eskaini Israelen Jainkoaren tenpluan.

8. Horregatik, haserretu egin zen Jainkoa Juda eta Jerusalemen kontra, eta era beldurgarri, harrigarri eta barregarrian utzi zituen, zeuen begiz ikus dezakezuenez.

9. Horra zergatik hil zituzten ezpataz gure gurasoak, eta zergatik dauden gatibu gure seme-alaba eta emazteak.

10. Orain, Jaunarekin ituna egiteko asmoa dut, bere haserrea guregandik urrun dezan.

11. Beraz, ene semeok, ahalegin zaitezte, zuek hautatu baitzaituzte Jaunak, beraren aurrean zerbitzua egin, kultua eman eta intsentsua erre dezazuen».

12. Hona hemen beren buruak eskaini zituzten lebitarrak: Kehaten ondorengoetarik Amasairen seme Mahat eta Azariasen seme Joel; Merariren ondorengoetarik Abdiren seme Kix eta Jehalelelen seme Azarias; Gerxonen ondorengoetarik Zimaren seme Joah eta Joahen seme Eden;

13. Elitzafanen ondorengoetarik Ximri eta Jeiel; Asafen ondorengoetarik Zakarias eta Matanias;

14. Hemanen ondorengoetarik Jehiel eta Ximei; Jedutunen ondorengoetarik Xemaias eta Uziel.

15. Hauek, beren kidekoak bildu eta beren buruaren garbikuntza egin ondoren, Jaunaren etxearen garbikuntza egitera joan ziren, erregeak agindu eta Jaunak esan bezala.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 29