Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 24:20-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Jainkoaren espirituak harturik, Joiada apaizaren seme Zakariasek, jendeari aurre eginez, esan zuen: «Hau dio Jainkoak: “Zergatik hautsi dituzue Jaunaren aginduak? Gaizki bukatu behar duzue. Zuek ni baztertu nauzuelako, nik ere baztertu egiten zaituztet”».

21. Zakariasen kontra jaiki eta, erregearen aginduz, harrika eman zioten denek Jaunaren etxeko atarian.

22. Horrela, Zakariasen aita Joiadak erregearekiko izan zuen onginahia ahazturik, haren semea hilarazi zuen Joax erregeak. Baina hiltzeko zorian zegoela, Zakariasek esan zuen: «Ikus beza hau Jaunak eta eska biezazkizu kontuak».

23. Hurrengo urtean, siriar gudarosteak eraso egin zion Joaxi. Judan eta Jerusalemen sartu, herriko agintariak hil eta harrapakin guztiak Damaskoko erregeari igorri zizkioten.

24. Siriar gudarosteak ez zuen gizon askorik, baina Jaunak eskura eman zion Judako gudaroste handia, hauek baztertu zutelako Jauna, beren arbasoen Jainkoa. Horrela eman zioten merezia Joaxi.

25. Alde egitean, siriarrek larriki zauritua utzi zuten Joax. Orduan, funtzionarioek, Joiada apaizaren semea hilaraztea mendekatzeko, bere ohean hil zuten erregea.Daviden Hirian lur eman zioten Joaxi; baina ez erregeen hilobian.

26. Hona hemen erregearen kontra jaiki ziren funtzionario haien izenak: Ximeat amondarraren seme Zabad eta Ximrit zeritzan emakume moabdarraren seme Jozabad.

27. Joaxen seme-alaben zerrenda, haren kontrako profezia ugariak eta Jainkoaren etxearen berrikuntza «Erregeen Liburuaren Azalpenak» delakoan daude idatziak. Hurrengo erregea haren seme Amatzias izan zen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 24