Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 20:12-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Oi gure Jainko, ez ote diezu emango merezi dutena? Ez dugu indarrik jendetza izugarri horri aurre egiteko, eta ez dakigu zer egin. Baina zuregana zuzentzen ditugu begiak».

13. Judako herri osoa, emakume, seme-alaba eta haurtxoak ere bai, Jaunaren aurrean zegoen zutik.

14. Batzarra bildurik zegoela, Jaunaren espirituak Asafen taldeko lebitar bat, Jahaziel, hartu zuen; Jahaziel Zakariasen semea zen, hau Benaiasena, hau Jeielena eta hau Mataniasena.

15. Lebitarrak esan zuen: «Entzun ongi zuek, Juda eta Jerusalemgo jendeok, eta zuk, Josafat errege horrek! Hau diotsue Jaunak: “Ez izutu, ez izan beldur jendetza izugarri horren aurrean. Ez zarete zuek borrokatuko, Jainkoa bera baizik.

16. Bihar Tzitz aldapan gora abiatuko dira; jaitsi zuek beraien kontra; Jeruel basamortuaren aurrean dagoen haitzarte-zokoan aurkituko dituzue.

17. Oraingoan, borroka ez duzue zuek egingo. Egon bertan geldi, eta ikusiko duzue nola salbatzen zaituzten Jaunak. Juda eta Jerusalemgo jendea, ez izutu, ez izan beldur! Irten bihar horien kontra eta zeuekin izanen duzue Jauna”».

18. Orduan, Josafat lurreraino ahuspeztu zen; Judako eta Jerusalemgo jende guztia ere makurtu egin zen Jauna gurtzeko.

19. Kehat eta Koreren taldeetako lebitarrek, jaiki eta ahots handiz goretsi zuten Jauna, Israelen Jainkoa.

20. Biharamun goizean Tekoako basamorturantz abiatu ziren. Ateratzean, Josafat zutitu eta honela mintzatu zitzaien: «Entzun, Juda eta Jerusalemgo gizonok. Izan uste on Jaunarengan, zeuen Jainkoarengan, eta seguru izango zarete. Izan konfiantza beraren profetengan, eta garaile aterako zarete!»

21. Gudarostearekin hizketatu ondoren, gudarien aurretik kantari-talde bat ipini zuen, jantzi sakratuak soinean, Jauna goretsiz joan zitezen hau kantatuz:«Goretsi Jauna,haren maitasuna betikoa baita».

22. Gorespen-kantuak hasi orduko, Jaunak liskarrak sorrarazi zituen Judari erasotzera zetozen amondar, moabdar eta Seir mendialdekoen artean, eta beren artean borrokatu ziren.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 20