Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 20:1-14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Aldi baten buruan, moabdar eta amondarrak, zenbait meundar lagun zituztela, Josafaten kontra borrokatzera etorri ziren.

2. Eraso horren berri eman zioten Josafati, esanez: «Itsaso Hilaz beste aldetik, Edom lurraldetik, etsai-talde ugaria datorkizu, eta dagoeneko Hatzatzon-Tamarren, hau da, En-Gedin dituzu».

3. Josafatek, izuturik, Jaunarengana jotzea erabaki zuen eta Juda osoan barau egiteko agindu.

4. Judako hiri guztietatik bildu ziren Jaunari otoitz egiteko.

5. Juda eta Jerusalemgo jendea Jaunaren etxeko atari berriaren aurrean bildurik, Josafatek, batzarraren erdian zutik,

6. otoitz hau egin zuen: «Jauna, gure arbasoen Jainkoa, zu zara Jainko bakarra zeruetan. Zeure menpe dituzu lurreko erresuma guztiak, zeure esku ahalmena eta indarra. Ezin dizu inork ere aurre egin.

7. Zuk, gure Jainko horrek, bota zenituen lurralde honetako herriak zure herri Israel sartu ahala, eta zeure adiskide Abrahamen ondorengoei eman zenien betiko.

8. Hauek bertan kokatu eta santutegia eraiki zizuten, esanez:

9. “Zoritxarren bat, gerra nahiz zigorra, izurritea nahiz gosetea, gertatzean, zu zaudeneko tenplu honetara zure aitzinera etorri eta geure atsekabean zuri oihu eginez gero, zuk entzun eta salbatu egingo gaituzu”.

10. Hona non datozkigun erasoan orain amondarrak, moabdarrak eta Seir mendietakoak. Gure arbasoei, Egiptotik etortzean, ez zenien haien lurraldeetan sartzen utzi; israeldarrek itzulingurua egin zuten eta ez zituzten hondatu.

11. Begira nola ordaintzen diguten orain: zeuk jabetzan eman zenigun lurraldetik gu botatzera datoz.

12. Oi gure Jainko, ez ote diezu emango merezi dutena? Ez dugu indarrik jendetza izugarri horri aurre egiteko, eta ez dakigu zer egin. Baina zuregana zuzentzen ditugu begiak».

13. Judako herri osoa, emakume, seme-alaba eta haurtxoak ere bai, Jaunaren aurrean zegoen zutik.

14. Batzarra bildurik zegoela, Jaunaren espirituak Asafen taldeko lebitar bat, Jahaziel, hartu zuen; Jahaziel Zakariasen semea zen, hau Benaiasena, hau Jeielena eta hau Mataniasena.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 20