Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 2 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Horretarako, hirurogeita hamar mila zamaketari bildu zituen eta laurogei mila hargin mendian, hiru mila eta seiehun lan-arduradunen menpean.

2. Orduan, mezu hau igorri zion Salomonek Tiroko errege Hurami: «Zedro-zura bidali zenion gure aita Davidi, bere jauregia eraikitzeko.

3. Nik Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraiki nahi diot eta berari sagaratu. Han intsentsua eta usainki gozoak erreko ditugu Jaunaren aurrean, berari eskainitako ogiak jarriko ditugu etengabe eta egunero, goiz eta arratsalde; eta larunbatetan, ilberri-jaietan eta Jaunaren, gure Jainkoaren, jai nagusietan erre-opariak eskainiko ditugu. Hala eginen da beti Israelen.

4. Eraikiko dudan tenpluak handia izan behar du, gure Jainkoa beste jainko guztiak baino handiagoa delako.

5. Egia esan, ba ote da Jainkoarentzat adinako tenplua eraiki dezakeenik, zeruek beraiek, hain handiak izanik ere, eduki ezin dutelarik? Nor naiz, baina, ni Jainkoari tenplua eraikitzeko, beraren aurrean intsentsua erretzeko bakarrik bada ere?

6. «Hala ere, bidal iezadazu, urrea, zilarra, brontzea eta burdina lantzen eta ehuna gorriz, gorriminez eta morez tindatzen iaioa den gizonen bat, eta zizelkatzen dakiena. Judan eta Jerusalemen ditudan artisauekin batera jardungo du, hots, gure aita Davidek prestatu zituen haiekin batera.

7. Bidal iezadazu Libanoko zedro, zipres eta bestelako zur bikaina ere; badakit zure langileak trebeak direla zuhaitzak botatzen. Nire mutilek zureei lagunduko diete,

8. zura ugari presta dezaten. Eraiki nahi dudan tenpluak handia eta bikaina izan behar du.

9. Basoa botako duten mutilei sei mila tona gari xehatu, beste horrenbeste garagar, zortziehun mila litro ardo eta beste horrenbeste olio emango diet».

10. Tiroko errege Huramek idatzi hau bidaliz erantzun zion Salomoni: «Bere herria maite duelako egin zaitu Jaunak bere errege».

11. Eta honela jarraitzen zuen Huramek: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa. Berak egin zituen zeru-lurrak eta berak eman zion Davidi seme jakintsua, zuhurtziaz eta adimenez jantzia. Honek eraikiko ditu tenplua Jaunarentzat eta jauregia beretzat.

12. Gizon iaio eta aditua igortzen dizut: Huram-Abi,

13. Danen leinuko emakume baten eta Tiroko gizon baten semea. Badaki urrea, zilarra, brontzea, burdina, harribitxiak eta zura lantzen; baita ehuna purpura gorriz eta morez nahiz gorriminez tindatzen, eta lihoa ehotzen ere. Badaki zizelkatzen, baita emango diozuen beste edozein egitasmo burutzen ere. Zure artisauekin eta zuen aita David ene jaunaren artisauekin batera eginen du lan.

14. Bidali, beraz, ene jauna, zeure zerbitzarioi garia eta garagarra, olioa eta ardoa, zeuk esan bezala.

15. Zuk behar adina zur prestatuko dugu Libanoko oihanetan eta, almadiatan loturik, itsasoz bidaliko dizugu Jafaraino; gero, zeuk jasoko duzu Jerusalemeraino».

16. Zenbatu zituen Salomonek Israelen bizi ziren arrotzak, bere aita Davidek egina zuen erroldatzeaz baliatuz: ehun eta berrogeita hamahiru mila eta seiehun ziren.

17. Haietarik hirurogeita hamar mila zamaketari izendatu zituen, laurogei mila hargin mendian eta hiru mila eta seiehun lan-arduradun, jendeari lan eragiteko.