Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 9:16-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Jehu bere guda-gurdira igo eta Izreelerantz abiatu zen. Han zegoen Joram oheratua, eta Judako errege Akazias ere bertan zen, Joram ikustatzera joana.

17. Izreelgo dorrean zegoen zelatariak, Jehuren gudari-taldea etortzen ikustean, esan zuen:—Gudari-talde bat ageri da han!Joramek agindu zuen:—Bidali zaldizko bat eta galdegin dezala bakez datozen.

18. Hala, joan zen zaldizkoa gudari-taldearengana eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk, orduan:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian.

19. Joram erregeak beste zaldizko bat bidali zuen. Taldearengana hurbildu eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk erantzun:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.

20. Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian. Guda-gurdia gidatzeko eran, Nimxiren biloba Jehu dela dirudi, eroak bezala gidatzen baitu.

21. Joramek agindu zuen:—Prestatu guda-gurdia!Prestatu ziotenean, Israelgo errege Joram eta Judako errege Akazias Jehuren bila atera ziren, nor bere guda-gurdian. Izreelgo Nabot zenaren landan aurkitu zuten.

22. Joramek Jehu begiztatu zuenean, galdetu zion:—Bakez al zatoz, Jehu?Jehuk ihardetsi zuen:—Izan ote daiteke bakerik, zuen ama Jezabel idolatrian eta hainbeste aztikeriatan dabilen bitartean?

23. Orduan, guda-gurdia biratu eta ihesi abiatu zen Joram, esanez:—Traizioa, Akazias!

24. Baina Jehuk uztaia eskuetan hartu, gezia jaurti eta bizkarraren erdian jo zuen Joram, bihotza zauritu eta aurretik ateraz. Hilik erori zen bere guda-gurdian.

25. Jehuk esan zion Bidkar bere ezkutariari:—Hartu eta bota ezazu Naboten landara. Oroit zaitez, honen aita Akaben taldean biok zaldiz gindoazelarik, Jaunak esan zuela:

26. «Ikusi nuen, ikusi, atzo arratsaldez Naboten eta beronen seme-alaben odola. Horregatik, diot nik, Jaun honek: Landa honetantxe emanen dizut merezia». Hartzazu, beraz, Joram eta bota landa horretara, Jaunak esan bezala.

27. Hori ikustean, Bet-Ganerako bidetik ihesi joan zen Judako errege Akazias. Baina Jehuk atzetik joan eta agindu zuen:—Hil hori ere!Eta zauritu egin zuten bere guda-gurdian, Gur-eko aldapan, Ibleamdik hurbil. Akaziasek Megidora egin zuen ihes eta han hil zen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 9