Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 9:15-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Baina Izreelera joan beharrean gertatu zen Joram, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan siriarrek egin zizkioten zauriak sendatzera. Jehuk esan zien bere ofizialkideei:—Nire alde baldin bazaudete, ez dezala inork ere ihes egin hiri honetatik, egin dugunaren berri Izreelera eramatera.

16. Jehu bere guda-gurdira igo eta Izreelerantz abiatu zen. Han zegoen Joram oheratua, eta Judako errege Akazias ere bertan zen, Joram ikustatzera joana.

17. Izreelgo dorrean zegoen zelatariak, Jehuren gudari-taldea etortzen ikustean, esan zuen:—Gudari-talde bat ageri da han!Joramek agindu zuen:—Bidali zaldizko bat eta galdegin dezala bakez datozen.

18. Hala, joan zen zaldizkoa gudari-taldearengana eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk, orduan:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian.

19. Joram erregeak beste zaldizko bat bidali zuen. Taldearengana hurbildu eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk erantzun:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.

20. Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian. Guda-gurdia gidatzeko eran, Nimxiren biloba Jehu dela dirudi, eroak bezala gidatzen baitu.

21. Joramek agindu zuen:—Prestatu guda-gurdia!Prestatu ziotenean, Israelgo errege Joram eta Judako errege Akazias Jehuren bila atera ziren, nor bere guda-gurdian. Izreelgo Nabot zenaren landan aurkitu zuten.

22. Joramek Jehu begiztatu zuenean, galdetu zion:—Bakez al zatoz, Jehu?Jehuk ihardetsi zuen:—Izan ote daiteke bakerik, zuen ama Jezabel idolatrian eta hainbeste aztikeriatan dabilen bitartean?

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 9