Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 9:10-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. Jezabel, berriz, zakurrek irentsiko dute Izreelgo landan, eta ez du inork ehortziko».Hau esanik, atea ireki eta ihes egin zuen.

11. Bere jaunaren buruzagiak bildurik zeuden gelara joan zenean, galdetu zioten Jehuri:—Berri onak? Zertara etorri zaizu zoro hori?Jehuk erantzun:—Zeuek dakizue nor den gizon hori eta nolako kontuak izaten dituen.

12. Haiek esan zioten:—Gezurra. Esaguzu zer zioen.Jehuk, orduan:—Tira, bada; hauxe esan dit: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege gantzutzen zaitut».

13. Orduan, nork bere soingainekoa bizkor hartu eta haren oinazpian ipini zuen, eskailera-mailetan. Eta adarra joz, deiadar egin zuten: «Gora Jehu erregea!»

14. Josafaten seme Nimxiren biloba zen Jehu azpilanean hasi zen Joramen kontra. Aldi hartan Joram, israeldar guztiekin, Galaadeko Ramot Siriako errege Hazaelengandik defendatzen ari zen.

15. Baina Izreelera joan beharrean gertatu zen Joram, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan siriarrek egin zizkioten zauriak sendatzera. Jehuk esan zien bere ofizialkideei:—Nire alde baldin bazaudete, ez dezala inork ere ihes egin hiri honetatik, egin dugunaren berri Izreelera eramatera.

16. Jehu bere guda-gurdira igo eta Izreelerantz abiatu zen. Han zegoen Joram oheratua, eta Judako errege Akazias ere bertan zen, Joram ikustatzera joana.

17. Izreelgo dorrean zegoen zelatariak, Jehuren gudari-taldea etortzen ikustean, esan zuen:—Gudari-talde bat ageri da han!Joramek agindu zuen:—Bidali zaldizko bat eta galdegin dezala bakez datozen.

18. Hala, joan zen zaldizkoa gudari-taldearengana eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk, orduan:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian.

19. Joram erregeak beste zaldizko bat bidali zuen. Taldearengana hurbildu eta esan zuen:—Erregeak bakez zatozten galdetzen du.Jehuk erantzun:—Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.

20. Zelatariak esan zuen:—Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian. Guda-gurdia gidatzeko eran, Nimxiren biloba Jehu dela dirudi, eroak bezala gidatzen baitu.

21. Joramek agindu zuen:—Prestatu guda-gurdia!Prestatu ziotenean, Israelgo errege Joram eta Judako errege Akazias Jehuren bila atera ziren, nor bere guda-gurdian. Izreelgo Nabot zenaren landan aurkitu zuten.

22. Joramek Jehu begiztatu zuenean, galdetu zion:—Bakez al zatoz, Jehu?Jehuk ihardetsi zuen:—Izan ote daiteke bakerik, zuen ama Jezabel idolatrian eta hainbeste aztikeriatan dabilen bitartean?

23. Orduan, guda-gurdia biratu eta ihesi abiatu zen Joram, esanez:—Traizioa, Akazias!

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 9