Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 5:4-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Naamanek bere jaunari adierazi zion hori:—Hau eta hau dio Israelgo neskato hark.

5. Siriako erregeak erantzun zion:—Tira, zoaz, bada! Gutuna emango dizut Israelgo erregearentzat.Abiatu zen, beraz, Naaman hirurehun eta berrogeita hamarren bat kilo zilar, urrezko sei mila txanpon eta hamar jantzi-sorta berekin zeramatzala.

6. Naamanek Israelgo erregeari eman zion gutunak hau zioen: «Gutun hau eramanez Naaman neure gudalburua bidaltzen dizut, legena senda diezaiozun».

7. Israelgo erregeak, gutuna irakurtzean, jantziak urratu eta esan zuen:—Jainkoa ote naiz, bada, ni, heriotza nahiz bizia emateko? Legena senda diezaiodan igorri omen dit gizon hau. Ikusazue nola dabilen aitzakia bila nire kontra oldartzeko.

8. Eliseok, Jainkoaren gizonak, jakin zuen Israelgo erregeak jantziak urratu zituela eta mandatu hau bidali zion: «Zergatik urratu dituzu jantziak? Datorrela niregana gizon hori eta jakinen du badela profetarik Israelen».

9. Joan zen, beraz, Naaman bere zaldi, guda-gurdi eta guzti, eta Eliseoren etxeko ate aurrean gelditu zen.

10. Eliseok mandataria bidali zion esatera: «Zoaz eta busti zaitez zazpi aldiz Jordan ibaian; gaitza sendatu eta garbi geldituko zara».

11. Naamanek, haserreturik, alde egiteko asmoz esan zuen:—Uste nuen bera aterako zela eta, zutik, Jaunari, bere Jainkoari, otoitz egingo ziola, gaixorik dudan alderdia eskuz igurtzi eta sendatuko zidala legena.

12. Damaskoko Abana eta Parpar ibaiak ez ote dira, bada, Israelgo ur guztiak baino hobeak? Ez ote nintekeen horietan busti, gaitza sendatzeko?Eta alde egin zuen handik haserre.

13. Morroiak, ordea, hurbildu eta honela mintzatu zitzaizkion:—Ene aita, profetak gauza zailen bat agindu izan balizu ere, ez al zenukeen egingo? «Busti zaitez eta garbi geldituko zara» besterik ez dizu esan. Zergatik ez egin?

14. Horrela, beraz, murgildu zen Naaman Jordan ibaian zazpi aldiz, Jainkoaren gizonak agindu bezala. Azala haur txikiarena bezalakoa bihurtu zitzaion. Erabat sendatu zen Naaman.

15. Orduan, Jainkoaren gizonarengana itzuli zen bere talde osoarekin; profetagana heltzean, zutik gelditu eta esan zion:—Orain badakit ez dela lur osoan Jainkorik Israelena baizik. Otoi, onar ezazu zerbitzari honen esku-erakutsia.

16. Eliseok ihardetsi zion:—Ala Jauna, bere zerbitzari nauena! Ez dut ezer ere hartuko.Naamanek hartzeko eta hartzeko esan arren, Eliseok ez zuen hartu nahi izan.

17. Naamanek, orduan:—Deus ere hartu nahi ez duzunez, emadazu bederen bi mandok eraman dezaketen bezainbat lur; ez baitiot erre-oparirik, ez sakrifiziorik inolako jainkori eskainiko Jaunari baizik.

18. Baina barkatuko al dit hauxe Jaunak: nire nagusia, niri besotik heldurik, Rimon jainkoa bere jauretxean gurtzera sartzean, nik ere harekin batera ahuspeztu beharra izatea. Barkatuko al dit Jaunak ekintza hori!

19. Eliseok erantzun:—Zoaz bakean.Naaman Eliseogandik puska bat urrundu zelarik,

20. Gehazik, Jainkoaren gizon zen Eliseoren morroiak, hau zioen bere baitan: «Bigunegia izan da nire jauna Naaman siriar horrekin. Ez dio deus ere hartu nahi izan. Ala Jauna! Noan bizkor beraren atzetik, ea ematen didan zerbait».

21. Abiatu zen, beraz, bizkor Gehazi Naamanen ondoren eta hau, atzetik zetorkiola ikustean, gurditik salto batez jaitsi eta bila joan zitzaion, esanez:—Zer dugu?

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 5