21. Amak gora eraman eta Jainkoaren gizonaren ohean etzan zuen; gero, gelatik irten eta atea itxi zuen.
22. Eta bere senarrari dei egin eta esan zion:—Bidal iezazkidazu, arren, morroi bat eta asto bat. Jainkoaren gizonarengana joan behar dut bizkor. Berehala nator.
23. Senarrak, orduan:—Zer dela-eta joan behar duzu gaur bertan? Ez da ilberri-jaia, ezta larunbat-jaia ere.Emazteak erantzun:—Ez axolatu!
24. Txalmatu zuen astoa eta esan zion morroiari:—Eraman astoa uhaletik eta ez gelditu bidean nik esan arte.
25. Abiatu eta heldu zen Karmel mendira, Jainkoaren gizonarengana. Jainkoaren gizonak, emakumea urrutitik ikusi zuenean, esan zion Gehazi bere mutilari:—Hara, emakume xunemdarra!
26. Irten agudo bidera eta galdetu ongi den, eta senarra eta semea ere ongi dituen.Emakumeak erantzun zuen:—Bai, ongi.
27. Emakumeak, mendira Jainkoaren gizonarengana heldu zenean, oinak besarkatu zizkion Eliseori. Hurbildu zen Gehazi emakumea apartatzeko, baina Jainkoaren gizonak esan zion:—Utzi, atsekabetua baitago. Hala ere, Jaunak ez dit agertu zergatik; ez dit deus ere jakinarazi.
28. Emakumeak, orduan, Eliseori:—Eskatu al nizun nik semerik? Ez al nizun esan ez engainatzeko?
29. Eliseok agindu zion Gehaziri:—Lotu gerrikoa, hartu nire makila eskuan eta zoaz! Norbait ikusten baduzu, ez agurtu; eta norbaitek agurtzen bazaitu, ez erantzun. Ipini haurrari nire makila aurpegi gainean.
30. Haurraren amak, ordea, esan zuen:—Ala Jauna, ala zu! Ez dut alde egingo zu gabe!Eliseok, orduan, emakumeari jarraitu zion.