Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 25:7-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean eta bera, begiak leherrarazi ondoren, Babiloniara eraman zuten, katez loturik.

8. Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren zazpian, Nebuzaradan Babiloniako erregearen funtzionarioa eta guardiaburua etorri zen Jerusalemera.

9. Su eman zien Jaunaren etxeari, jauregiari eta Jerusalemgo etxeei, handikienei batez ere.

10. Eta guardiaburuarekin batera zetorren babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresia bota egin zuen.

11. Ondoren, Nebuzaradan guardiaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, baita Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta gainerako jendea ere.

12. Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten.

13. Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraska handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea.

14. Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, katiluak.

15. Guardiaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: intsentsu-ontziak eta isipu-ontziak.

16. Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen Salomonek Jaunaren etxerako eginak ziren bi zutabeen, uraskaren eta orgen brontzeak.

17. Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora, gainean metro eta erdiko kapitel bana, brontzezkoak, kapitel bakoitza brontzezko sare eta granadaz inguratua zelarik. Bi zutabeen apaingarriak ere berdinak ziren.

18. Guardiaburuak atxilotu egin zituen Seraias apaizburua, Sofonias apaiz laguntzailea eta hiru atezainak.

19. Hirian, berriz, gudarien arduradun zen ofizial bat, erregearen zerbitzura zeuden bost gizon, gudarien izenak hartzen zituen guda-idazkari bat eta beste hirurogei handiki atxilotu zituen, denak Jerusalemen gertatu baitziren.

20. Nebuzaradan guardiaburuak hartu eta Riblara eraman zituen, Babiloniako erregeagana,

21. eta honek bertan hilarazi, Hamat eskualdean.Honela erbesteratu zuten Judako jendea bere lurraldetik urruti.

22. Babiloniako errege Nabukodonosorrek utziak zituen jende batzuk Judan; Ahikamen seme eta Xafanen biloba zen Godalias ezarri zien gobernari.

23. Judan gelditu ziren gudalburuak, Babiloniako erregeak Godalias gobernari ezarri zuela jakitean, honengana joan ziren Mitzpara beren gizon guztiekin. Hauek ziren gudalburuak: Netaniasen seme Ismael, Kareahen seme Johanan, Netofako Tanhumeten seme Seraias, eta Jaazanias, maakarra.

24. Godaliasek zin-hitz hau egin zien haiei eta haien gizonei: «Ez izan babiloniarrak zerbitzatzeko beldur. Gelditu herrialdean. Izan Babiloniako erregearen menpeko eta ongi joango zaizue».

25. Zazpigarren hilean, ordea, Netaniasen seme eta Elixamaren biloba Ismael, errege-jatorrikoa bera, Mitzpara joan zen hamar gizonekin eta hil egin zuen bertan Godalias, baita honekin ziren judatarrak eta babiloniarrak ere.

26. Orduan, jende guztia, txiki eta handi, eta gudalburuak Egiptora joan ziren ihesi, babiloniarren beldurrez.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 25