Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 23:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Orduan, Judako eta Jerusalemgo arduradun guztiak bil zitezen agindu zuen erregeak.

2. Gero, erregea Jaunaren etxera igo zen, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiak berekin zituela: apaizak, profetak eta jende guztia, txiki nahiz handi. Eta Jaunaren etxean aurkitutako itun-liburuak dioen guztia irakurri zien erregeak.

3. Ondoren, oholtzaren gainean zutik, Jaunarekiko ituna berritu zuen erregeak: jarraituko zioten Jaunari eta beteko zituzten bihotz-bihotzez eta gogo osoz haren agindu, burubide eta arauak, liburu hartan idatzirik zeuden itunaren xedapen guztiak.Herri osoak onartu zuen ituna.

4. Orduan, Baal, Axera eta jainkotzat zituzten izar guztien kulturako eginak zeuden tresna guztiak tenplutik ateratzeko agindu zien erregeak Hilkias apaiz nagusiari, apaiz laguntzaileei eta atezainei. Eta, Jerusalemdik kanpora Zedron haraneko zelaietan erre ondoren, Betelera eramanarazi zituen errautsak.

5. Judako erregeek ezarriak zituzten sasiapaizak Judako hirixka eta Jerusalem inguruetako kultu-lekuetan, toki horietan intsentsua erre zezaten; Josiasek kendu egin zituen halakoak; baita Baali, eguzki nahiz ilargiari nahiz izar-multzo eta izar guztiei intsentsua erretzen zietenak ere.

6. Tenpluan zegoen zutoin sakratua Jerusalemdik kanpora aterarazi eta Zedron errekan erre zuen; erabat erraustu eta errautsak jende arruntaren hilobira bota zituen.

7. Tenpluan prostituzio sakraturako erabili ohi ziren gelak ere desegin zituen; gela haietan ehotzen zituzten emakumeek Axera jainkosaren irudiei aterpeak egiteko oihalak.

8. Ondoren, Judako hirixketan, Gebatik Beer-Xebaraino, muinoetako kultu-lekuetan intsentsua erretzen zuten apaizak Jerusalemera etorrarazi zituen, eta kultu-leku haiek profanatu. Jerusalemgo ateetan ziren kultu-lekuak ere desegin zituen, bereziki Josue gobernariaren atetik hirian sartzean ezkerraldera zegoena.

9. Hala ere, kultu-lekuetako apaiz haiek ezin ziren igo Jaunaren aldarera Jerusalemgo tenpluan; baina jan zezaketen, gainerako apaizekin batera, legamia gabeko ogia.

10. Ben-Hinom deritzan haranean zegoen Tofeteko erretegia ere profanatu zuen; horrela, ezin izango zion inork ere suari eman bere seme nahiz alabarik, Molok sasijainkoari eskaintzeko.

11. Era berean, kendu egin zituen Judako erregeek eguzkiaren kulturako ezarriak zituzten zaldi-irudiak; hauek Jaunaren etxeko sarreran zeuden, tenpluari erantsitako aterpe batzuetan, Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. Eta erre egin zituen eguzkiaren kulturako gurdiak.

12. Gainera, Judako erregeek Akazen goi-gelaren gainean eraikiak zituzten aldareak desegin zituen; orobat Jaunaren etxeko bi atarietan Manasesek eraikiak zituenak ere. Bertan hautsi eta Zedron errekara jaurti zituen puskak.

13. Jerusalemgo ekialdean eta Oliamendiko hegoaldera zeuden kultu-lekuak ere profanatu zituen Josiasek; kultu-leku haiek Israelgo errege Salomonek eraikiak ziren sidondarren jainkosa zen Astarteren irudi higuingarriari, moabdarren jainko zen Kemoxen irudi nazkagarriari eta amondarren jainko zen Milkomen irudi nardagarriari kultu emateko.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 23