Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 18:27-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

27. Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:—Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik esatera bidali nauela neure jaunak? Harresi gainean dagoen jende horrentzat ere bada, horiek ere beren kaka jan eta pixa edan beharko baitute, zuek bezalaxe.

28. Orduan, ordezkari nagusiak, zutiturik, deiadarka esan zuen hebreeraz mintzatuz:—Entzun ezazue errege handiaren, Asiriako erregearen, mezua:

29. «Ez zaitzatela engaina Ezekiasek, ezin izango baitzaituzte libratu nire eskutik.

30. Ez diezazuela Ezekiasek ustea Jaunarengan jarrarazi, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menpean eroriko ez delakoan».

31. Ez aditu Ezekiasi; entzun Asiriako erregeak dioena: «Egin bakezkoak nirekin eta jar zaitezte nire menpe. Horrela nork bere mahatsondoaren eta pikondoaren fruituak jan ahal izanen ditu eta bere putzuko ura edan.

32. Eta gero, zuena bezalako beste lurralde batera, garia eta ardoa, ogia eta mahastiak, olibondoak, olioa eta eztia dituen lurraldera, eramango zaituztet. Eta hil ordez, bizi egingo zarete. Ez entzun Ezekiasi; zuek engainatzen ari da, Jaunak libratuko zaituztela esanez.

33. Beste herrietako jainkoek libratu ote dituzte beren lurraldeak Asiriako erregearen eskutik?

34. Zer egin dute Hamat eta Arpadeko jainkoek? Zer Sefarbaim, Hena eta Ibako jainkoek? Libratu al dute Samaria nire eskutik?

35. Inongo jainkok ez du libratu bere lurraldea nire eskutik, eta Jaunak libratuko al du, bada, Jerusalem nire menpean erortzetik?»

36. Jendea isilik gelditu zen; ez zion hitzik erantzun, erregeak agindua baitzien ez erantzuteko.

37. Hilkiasen seme Eliakim jauregizainak, Xebna idazkariak eta Asafen seme Joah bozeramaileak, jantziak urraturik, Ezekiasengana joan eta ordezkari nagusiak esana adierazi zioten.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 18