Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 18:14-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Judako errege Ezekiasek mezu hau bidali zion Lakix hirira Asiriako erregeari: «Huts egin dizut, bai; baina ez iezadazu eraso. Ezarri zergaren bat eta ordainduko dizut».Hamar tona inguru zilar eta tona bat urre ordaindu beharra ezarri zion Asiriako erregeak Judako errege Ezekiasi.

15. Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegietan zegoen zilar guztia eman zuen Ezekiasek.

16. Orduantxe kendu behar izan zituen Judako errege Ezekiasek, berak lehen urrez jantziak zituen Jaunaren tenpluko ateak eta ate-euskarriak, Asiriako erregeari emateko.

17. Asiriako erregeak gudalburu nagusia, ofizial nagusia eta ordezkari nagusia bidali zituen Lakixtik, gudaroste handi batekin, Jerusalemera Ezekias erregearen aurka. Jerusalemera heldu zirenean, goiko urtegirako ubide ondoan gelditu ziren, oihal-garbitzailearen sororako bidean,

18. eta dei egin zioten erregeari. Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren haiengana.

19. Asiriar ordezkari nagusiak esan zien:—Eramaiozue Ezekias erregeari errege handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer dela-eta zaude hain ziur?

20. Uste al duzu hitz hutsek gerrako planak eta ausardiak bezainbat balio dutela? Norengan duzu zeure ustea, nire kontra jaikitzeko?

21. Egiptorengan? Hara, kanabera printzatua bezala da Egipto: euskarritzat hartzen duenari eskua zulatzen dio alderik alde. Horrelakoxea da Egiptoko errege faraoia ustea berarengan duten guztientzat.

22. “Jaunarengan, geure Jainkoarengan, dugu ustea”, erantzungo didazu. Baina ez al ditu, bada, Jainko horren muinoetako kultu-leku eta aldareak kendu Ezekiasek, Juda eta Jerusalemgo jendeari Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik gurtzeko aginduz?

23. Ea, bada, egiozu desafio nire jaunari, Asiriako erregeari: bi mila zaldi emango dizkizut, beste hainbeste zaldun aurkitzeko gauza bazara.

24. Ezin diozu-eta atzera eragin nire ofizialik txikienetariko bati ere! Egiptok guda-gurdiak eta zaldiak emango dizkizulakoan al zaude?

25. Gainera, uste al duzu Jaunaren baimenik gabe etorri naizela toki honi eraso egin eta hondatzera? Jaunak berak esan dit toki hau eraso eta hondatzeko!»

26. Orduan, Hilkiasen seme Eliakimek, Xebnak eta Joahek hau erantzun zioten asiriar ordezkari nagusiari:—Mesedez, hitz egiguzu arameeraz, ulertzen baitugu. Ez mintzatu hebreeraz, harresi gainean dagoen jendea entzuten ari da eta.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 18