Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 15:7-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Azarias, Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Jotam izan zen.

8. Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Jeroboamen seme Zakarias; sei hilabetez izan zen errege.

9. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, beraren arbasoek egina zuten bezala, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.

10. Xalum zeritzan batek, Jabexen semeak, azpilana egin eta herriaren aurrean hil zuen Zakarias, eta bera jarri zen errege.

11. Zakariasen gainerako jarduerak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

12. Honela bete zen Jaunak Jehuri esaniko hura: «Hara, zure ondorengoak jarriko dira, laugarren belaunaldiraino, Israelgo errege-aulkian». Eta halaxe izan zen.

13. Judako Uziasen hogeita hemeretzigarren urtean gertatu zen Jabexen seme Xalum Israelgo errege; hilabete batez izan zen errege Samarian.

14. Izan ere, Gadiren seme Menahem Tirtzatik igo eta Samarian sartu zen. Samarian, Jabexen seme Xalum hilarazi ondoren, bera jarri zen errege, haren ordez.

15. Xalumen gainerako jarduerak eta egin zuen azpilana «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

16. Ondoren, Menahemek Tifsah hiriari eraso zion, han ziren guztiak eta lurralde osoa, Tirtzatik hasirik, triskatuz, hiriko ateak ireki ez zizkiotelako, eta emakume haurdun guztiei sabela ireki zien.

17. Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemeretzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Menahem, Gadiren semea; hamar urtez izan zen errege.

18. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere bizitza osoan ez zen aldendu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.

19. Asiriako errege Pul Israelgo lurraldean sartu zen; baina Menahemek hogeita bost mila kilo zilar eman zizkion Puli, erregetza bere eskuetan sendotzen lagun ziezaion.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 15