Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 14:13-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Israelgo errege Joaxek preso hartu zuen Bet-Xemex hirian Judako errege Amatzias, Joaxen seme eta Akaziasen biloba. Ondoren, Jerusalemera jo eta hango harresietan berrehun metroko zuloa eginarazi zuen, Efraimen atetik kantoiko ateraino.

14. Gero, Jaunaren etxean zeuden urre, zilar eta tresna guztiak eta jauregiko altxortegikoak eta gatibuak bahituran harturik, Samariara itzuli zen.

15. Joaxen gainerako jarduerak, egintza guztiak, ekintza bizkorrak eta Judako Amatziasen kontra eginiko borrokak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

16. Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Joax, Israelgo erregeen ondoan. Ondorengo erregea haren seme Jeroboam izan zen.

17. Israelgo errege Joax, Joakazen semea, hil eta gero, beste hamabost urtez bizi izan zen Judako errege Amatzias, Joaxen semea.

18. Amatziasen gainerako jarduerak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

19. Azpilana egin zuten batzuek Amatziasen aurka Jerusalemen. Erregeak Lakixera egin zuen ihes. Baina haren ondoren jendea Lakixeraino bidali eta bertan hil zuten.

20. Gero, zaldi gainean hartu, Jerusalemera eraman eta bere arbasoen ondoan Daviden Hirian ehortzi zuten.

21. Orduan, Judako herri osoak Azarias, hamasei urteko gaztea, izendatu zuen errege, bere aita Amatziasen ordez.

22. Hau hil zenean, Elat hiria Judarentzat berreskuratu eta berreraiki zuen Azariasek.

23. Judako errege Joaxen seme Amatziasen erregealdiko hamabosgarren urtean hasi zen Samarian errege izaten Jeroboam, Israelgo errege Joaxen semea. Berrogeita bat urtez izan zen errege.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 14