Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 14:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Israelgo errege Joakazen seme Joaxen erregealdiko bigarren urtean hasi zen Amatzias, Judako Joaxen semea, errege izaten.

2. Hogeita bost urte zituen orduan, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Honen amak Joadan zuen izena eta Jerusalemgoa zen.

3. Jaunari atsegin zaiona egin zuen Amatziasek; ez, ordea, David bere arbasoak bezain zintzo. Bere aita Joaxen antzera jokatu zuen Amatziasek ere.

4. Baina ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak; jendeak kultu-leku haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen.

5. Bere erregetzan sendotu zenean, bere aita Joax hil zuten funtzionarioak hilarazi egin zituen Amatziasek.

6. Hala ere, ez zituen hilarazi hiltzaile haien semeak, Moisesen legean Jaunaren agindu hau baitago idatzia: «Ez hil gurasoak seme-alaben erruengatik, ezta seme-alabak ere gurasoen erruengatik. Nor bere erruengatik hilko da».

7. Amatziasek hamar mila gudari edomdar menderatu zituen Gesaltza haranean. Gudukatze hartan Sela eskuratu zuen, eta Jokteel izena ezarri zion. Gaur arte dirau izen horrek.

8. Orduan, Amatziasek mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neur ditzagun indarrak!»

9. Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez, garduak esan omen zion Libanoko zedroari: “Emaiok alaba nire semeari emaztetzat”. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua.

10. Egia da edomdarrak garaitu dituzula eta harro zaudela horregatik. Izan harro zeure ospeaz, baina egon geldi zeure etxean. Zergatik nahi duzu hasi zoritxarreko borroka? Zeure burua eta zeurekin batera Juda hondatzeko?»

11. Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan. Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek Judako hiri Bet-Xemexen neurtu zituzten indarrak elkarrekin.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 14