Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 13:4-14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Baina Joakazek otoitz egin zion Jaunari eta honek entzun, ikusi baitzuen zein gogor menderatzen zuen Siriako erregeak Israel.

5. Siriarren uztarpetik askatu zuen salbatzailea bidali zion orduan Jaunak Israeli, eta israeldarrek lehen bezain lasai bizi ahal izan ziren beren oihal-etxoletan.

6. Hala ere, israeldarrak ez ziren aldendu Jeroboamen senitarteak Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, baizik eta bere horretan jarraitu zuten, zutoin sakratuak Samarian zutik mantenduz.

7. Horregatik, Jaunak Joakazi ez zion utzi berrogeita hamar zaldizko eta hamar mila oinezko gudari besterik; izan ere, gainerako gudarostea Siriako erregeak hondatu zuen eta oinpeko hauts bihurtu.

8. Joakazen gainerako jarduerak, egintza guztiak eta ekintza bizkorrak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

9. Hil zenean, Samarian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Joax izan zen.

10. Judako Joaxen erregealdiko hogeita hamazazpigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten beste Joax hau, Joakazen semea; hamasei urtez izan zen errege Samarian.

11. Jainkoari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe, beraietan ibiliz baizik.

12. Joaxen gainerako jarduerak, egin zuen guztia, ekintza bizkorrak eta Judako errege Amatziasen aurkako borroka «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

13. Joax hil zenean, Jeroboam jarri zen errege-aulkian. Joax Samarian ehortzi zuten, Israelgo erregeen ondoan.

14. Eliseo gaixotu zelarik, gero heriotzara eramango zuen eritasunez gaixotu ere, Israelgo errege Joaxek ikustera joan eta, haren aurrean negarrez, esan zion:—Ene aita, ene aita, Israelen zaintzaile indartsua!

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 13