Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 11:9-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Ehuntariek zehatz bete zuten Joiada apaizak agindu guztia: zaintzaldia larunbatez hasten nahiz bukatzen zuten gizonak hartu eta Joiadaren aurrera etorri ziren.

10. Orduan, apaizak David erregearen lantza eta babeskiak eman zizkien ehuntariei, arma haiek Jaunaren etxean baitzeuden jasoak.

11. Guardiak, armak eskuetan, tenpluaren eskuinaldetik ezkerralderaino jarri ziren, aldare eta tenpluaren artean, erregea inguratzeko.

12. Orduan, Joiadak erregearen seme Joax aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zion, eta olioa isuriz, errege gantzutu zuen. Jende guztiak, txaloka, honela zioen oihuka: «Gora erregea!»

13. Han bildutako guardien eta jendearen zarata-hotsa entzutean, Jaunaren etxera jo zuen Ataliak, jendearengana.

14. Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtza gainean zutik, ohi zen bezala. Buruzagiak eta turuta-jotzaileak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turuten soinura. Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:—Traizioa! Traizioa!

15. Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, hau agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:—Atera ezazue tenplutik, zeuen lerro artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.

16. Atzeman zuten, bada, Atalia, eta jauregira, zaldien atera heltzean, bertan hil zuten.

17. Gero, Joiadak ituna egin zuen Jaunaren eta errege eta herriaren artean, herri hura benetan Jaunaren herri izan zedin. Erregearen eta herriaren artean ere egin zuen ituna.

18. Ondoren, jendeak Baalen jauretxera joan eta lurrera bota zuen; xehe-xehe egin zituen hango aldare eta irudiak, eta Baalen apaiza zen Matan hil egin zuten aldarearen aitzinean. Joiada apaizak zaintzaileak ipini zituen Jaunaren etxean.

19. Gero, ehuntariak, kariarrak, guardiak eta jende guztia bilaraziz, Jaunaren etxetik jaitsi eta guardien atetik sarrarazi zuen Joiadak erregea jauregian. Eta Joax errege-aulkian jarri zen.

20. Jende guztia bozkarioz bete zen eta hiria baretu, Atalia hila baitzuten jauregian ezpataz.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 11