Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 10:1-14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Akabek hirurogeita hamar ondorengo zituen Samarian. Jehuk gutunak igorri zizkien Samariara Izreelgo buruzagi, arduradun eta Akaben ondorengo haien hezitzaileei, esanez:

2. «Gutun honen bidez, zeuen errege izanaren ondorengoak zeuen ardurapean dituzuela jakinarazten dizuet; baita guda-gurdi, zaldi, hiri gotortua eta armak ere.

3. Begira ezazue zein den zuen errege izanaren ondorengoetarik egokiena eta zuzenena; ezar ezazue bere aitaren errege-aulkian eta borroka zaitezte errege-etxearen alde».

4. Biziki ikaratu ziren Izreelgo haiek eta esan zuten:—Bi erregeek ezin izan diote horri aurre egin; nola egin diezaiokegu guk?

5. Orduan, jauregiko arduradunak, hiriko buruzagiak, arduradunek eta hezitzaileek erantzun hau bidali zioten Jehuri: «Zeure zerbitzari gaituzu eta zuk esana eginen dugu. Ez dugu inor ere errege izendatuko. Egizu egokien iruditzen zaizuna».

6. Jehuk beste gutun bat igorri zien, esanez: «Nirekin baldin bazaudete eta nire esana betetzeko prest, har itzazue zeuen nagusiaren ondorengoen buruak eta zatozkidate bihar ordu honetan Izreelera».Akaben hirurogeita hamar ondorengoak hiriko handikiekin bizi ziren, hauek baitzituzten hezitzaile.

7. Gutuna jasotzean, erregearen hirurogeita hamar ondorengoei lepoa moztu zieten eta buruak, saskitan harturik, Izreelera bidali zizkioten Jehuri.

8. Mezulari batek esan zion Jehuri:—Erregearen ondorengoen buruak ekarri dituzte.Jehuk agindu zuen:—Ezarri bi multzotan hiriko sarreran, bihar goiza arte.

9. Goizean atera zen Jehu kanpora eta, zutik, esan zion jendeari:—Zuek errugabe zarete. Ni ibili nintzen azpilanean Israelgo errege Joramen aurka, eta nik hil nuen. Baina nork hil ditu hauek guztiak?

10. Ohar zaitezte, beraz, ez dela bete gabe gelditu Jaunak Akaben senitartearen kontra esaniko hitz bat ere. Bete du Jaunak bere zerbitzari Eliasen bitartez esana zuena.

11. Jehuk, orduan, Izreelen gelditzen ziren Akaben senitarteko guztiak hil zituen, bai handikiak, bai ahaideak eta baita apaizak ere, bizirik inor utzi gabe.

12. Ondoren, Samariara abiatu zen Jehu. Bidean, Artzainen Bet-Eked zeritzan tokira heltzean,

13. Judako errege Akaziasen senideak aurkitu zituen. Jehuk galdetu zien:—Zein zarete?Haiek erantzun:—Akaziasen senide gaituzu. Erregearen eta ama-erreginaren seme-alabak agurtzera gatoz.

14. Orduan, Jehuk bere lagunei:—Harrapa itzazue bizirik!Bizirik harrapatu, baina Bet-Ekedeko putzu ondoan hil zituzten. Berrogeita bi gizaseme ziren, eta ez zen bat ere bizirik gelditu.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 10