Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 7:9-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Hartu zuen, orduan, Samuelek axuri bat, eta erre-opari eskaini zion oso-osorik Jaunari. Samuelek Israelen alde oihu egin eta Jaunak aditu egin zion.

10. Samuel erre-oparia eskaintzen ari zen bitartean, filistearrak israeldarren aurka borroka egiteko hurbildu ziren. Orduan, Jaunak burrunba handiko trumoiak egin zituen filistearren kontra, izutu eta hondatu egin zituen israeldarren aurrean.

11. Israeldarrak Mitzpatik irten eta filistearren ondoren joan ziren, Bet-Kar ingururaino erasoz.

12. Samuelek, harri bat harturik, Mitzpa eta Xen artean ipini zuen; toki hari Eben-Ezer, hau da, «Laguntza-Harria» eman zion izena, esanez: «Honaino lagundu digu Jaunak».

13. Honela makurrarazi zieten burua filistearrei; joan zitzaien, bai, Israel lurraldean berriro sartzeko gogoa. Izan ere, Samuel bizi izan zen bitartean, gogorra izan zen Jaunaren eskua filistearren kontra.

14. Israelenak izan ziren berriro lehen filistearrek kenduriko hiriak, Ekrondik Gateraino, eta askatu egin zituen Israelek bere eskualde haiek filistearren menpetik. Israeldarrak eta amortarrak ere bakean bizi ziren beren artean aldi hartan.

15. Samuel bere bizitza osoan izan zen israeldarren buruzagi.

16. Urte oroz egin ohi zuen itzulia Betel, Gilgal eta Mitzpan barrena, toki horietan Israel gidatuz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 7