Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 7:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Etorri ziren, beraz, Kiriat-Jearimgoak eta igo zuten Jaunaren kutxa. Abinadabek muinoan zuen etxean sartu zuten. Ondoren, honen seme Eleazar sagaratu zuten, Jaunaren kutxa zaintzeko.

2. Luzaroan egon zen Jaunaren kutxa Kiriat-Jearimen, hogei urtez. Israel herri osoa Jaunarenganako irrikaz zegoen.

3. Orduan, honela mintzatu zitzaion Samuel Israel herri osoari: «Jaunarengana bihotz-bihotzez itzuli nahi baduzue, jaurti zeuen artetik sasijainko arrotz guztiak eta Astarteren irudiak; bizi zaitezte Jaunari zeharo emanak eta ez zerbitza bera besterik. Askatuko zaituzte orduan filistearren eskuetatik».

4. Jaurti zituzten, beraz, israeldarrek Baalen eta Astarteren irudi guztiak, eta Jauna baizik ez zuten zerbitzatu.

5. Samuelek esan zuen: «Bil ezazue herri osoa Mitzpan eta nik otoitz eginen diot Jaunari zuen alde».

6. Bildu ziren, bada, Mitzpan. Atera zuten ura eta isuri zuten Jaunaren aitzinean. Egun hartan, barau eginez, hau zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren aurka». Samuel israeldarren buruzagi egin zen Mitzpan.

7. Filistearren buruzagiek, israeldarrak Mitzpan bilduak zeudela jakitean, israeldarrei erasotzea erabaki zuten. Hauek, ohartzean, beldurtu egin ziren filistearren aurrean,

8. eta esan zioten Samueli: «Ez utzi Jainko Jaunari gure alde dei egiteari, filistearren eskuetatik salba gaitzan».

9. Hartu zuen, orduan, Samuelek axuri bat, eta erre-opari eskaini zion oso-osorik Jaunari. Samuelek Israelen alde oihu egin eta Jaunak aditu egin zion.

10. Samuel erre-oparia eskaintzen ari zen bitartean, filistearrak israeldarren aurka borroka egiteko hurbildu ziren. Orduan, Jaunak burrunba handiko trumoiak egin zituen filistearren kontra, izutu eta hondatu egin zituen israeldarren aurrean.

11. Israeldarrak Mitzpatik irten eta filistearren ondoren joan ziren, Bet-Kar ingururaino erasoz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 7