Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 6:7-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Tira bada! Egizue gurdi berria, jar itzazue uztarrian inoiz lotu gabeko bi behi umetu berri eta erantsi gurdiari. Lotu ukuiluan haien txahalak.

8. Hartzazue gero Jaunaren kutxa eta ezarri gurdian. Ordain-oparitzat emateko eginen dituzuen urrezko irudiak sartu kutxatila batean eta ipini Jaunaren kutxaren ondoan. Utzi orduan gurdiari joaten.

9. Baina egon begira: bere herrirantz, Bet-Xemexerantz, jotzen badu, bera da halako kalte handia egin diguna; bestela, berriz, jakinen dugu, ez gaituela Jaunaren eskuak ukitu, halabeharrez gertatu zaigula baizik.

10. Halaxe egin zuten: txahalak hazten ari ziren bi behi hartu, uztartu eta gurdian lotu zituzten; txahalak, berriz, ukuiluan utzi zituzten.

11. Ezarri zuten, gero, Jainkoaren kutxa gurdi gainean eta urrezko arratoi eta erlakiztenen irudiak zeuzkan kutxatila ere bai.

12. Behiek Bet-Xemexerako bidetik jo zuten zuzen-zuzen. Aurrera zihoazen bidez bide, marrumaka, ez ezkerrera, ez eskuinera saihestu gabe. Filistearren buruzagiek Bet-Xemexeko mugaraino jarraitu zieten.

13. Bet-Xemexeko jendea garia igitatzen ari zen haranean; begiak jaso eta kutxa ikustean, biziki poztu ziren.

14. Gurdia, Bet-Xemexeko Josueren alorrera heldu zenean, gelditu egin zen. Bazen han harri handi bat; puskatu zuten gurdia egurra egiteko, eta behiak egurraren gainean jarri zituzten, Jaunari erre-oparia eskaintzeko.

15. Lebitarrek eraitsia zuten Jainkoaren kutxa, baita honen ondoan zegoen kutxatila ere; honetan zeuden urrezko irudiak. Ezarri zuten kutxa harri handiaren gainean, eta Bet-Xemexeko jendeak erre-opariak eta eskaintzak egin zizkion Jaunari egun hartan.

16. Filistearren bost buruzagiak, hori ikusi ondoren, Ekronera itzuli ziren egun berean.

17. Hauek dira filistearrek bekatuaren ordain-oparitzat Jaunari eskaini zizkioten urrezko erlakiztenak: Axdoden izenean bata, Gazaren izenean bestea, Axkelonen izenean hirugarrena, Gaten izenean laugarrena, Ekronen izenean bosgarrena.

18. Urrezko arratoiak ere bost ziren, filistearren bost buruzagien menpe zeuden hiriak bezainbat, bai hiribilduen, bai harresi gabeko hirien izenean eskainiak. Harri handi hura, zeinaren gainean ezarri baitzuten Jaunaren kutxa, lekuko da gaurdaino Bet-Xemexeko Josueren alorrean.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 6