Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 30:2-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. emakumeak eta hirian zirenak, txiki nahiz handi, atxilotuak zeramatzaten beren bidetik, baina bat ere hil gabe.

3. Davidek eta bere gizonek, heldu zirenean, hiria sutan eta beren emazte eta seme-alabak gatibu eraman zituztela aurkitu zuten.

4. Davidek eta bere jendeak garrasika hasi eta negar egiteko ere indarrak akitu arte egin zuten negar.

5. Daviden bi emazteak ere, Izreelgo Ahinoam eta Karmelgo Nabalen emazte izaniko Abigail, eramanak zituzten atxiloturik.

6. Davidek estuasun handia izan zuen, harrika emango ziola baitzioen jendeak; hain atsekabetuak zeuden, izan ere, gizonak beren seme-alabengatik. Davidek, orduan, bere Jainko Jaunarengandik hartu zuen indarra.

7. Davidek Ahimeleken seme Abiatar apaizari dei egin eta esan zion:—Ekatzu, mesedez, efod hori.Ekarri zion Abiatarrek Davidi efoda.

8. Honela egin zion kontsulta Davidek Jaunari:—Joango al naiz lapur-talde horren ondoren? Harrapatuko ote ditut?Jaunak erantzun:—Zoaz ondoren! Horixe harrapatuko dituzula eta askatuko zutarrak!

9. David berekin zituen seiehun gizonekin abiatu eta Besor ibarrera heldu zen; batzuk han gelditu ziren.

10. Davidek aurrera egin zuen laurehun gizonekin; gainerako berrehunak gelditu egin ziren, nekearen nekez ezin baitzuten Besor ibarra igaro.

11. Bazter haietan egiptoar bat aurkitu zuten eta Davidengana eraman. Eman zizkioten ogia jaten eta ura edaten;

12. piku-opil puska bat eta bi mahaspasa-mordo ere eman zizkioten. Jan zituen eta indarrak hartu, hiru gau eta hiru egun ogirik jan gabe eta urik edan gabe baitzegoen.

13. Davidek galdetu zion, orduan:—Norena zara eta nongoa?Mutilak erantzun:—Egiptoarra nauzu, amalektar baten esklaboa. Nagusiak utzi egin ninduen duela hiru egun, gaixotu egin bainintzen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 30