Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 30:18-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. Amalektarrek ebatsiriko guztia eskuratu zuen Davidek, baita bere bi emazteak ere.

19. Ez zitzaien inor ere falta, ez txiki eta ez handi, ez seme eta ez alaba, ezta harrapakinik ere. Lapurtua zieten guztia eskuratu zuen Davidek.

20. Artalde eta abere-taldeak ere eskuratu zituen. Jendeak abereak hartu eta Daviden aitzinera eraman zituen, esanez: «Hona Davidentzako harrapakinak».

21. Gero, berrehun gizonengana, nekaturik zeudelako berari jarraitu ezinik Besor ibarrean utzi zituen haiengana, itzuli zen David. Hauek bidera irten zitzaizkien Davidi eta beronekin zetorren jendeari. Davidek hurbildu eta bake-agurra egin zien.

22. Davidekin erasora joanak ziren baina maltzur eta zikoitz zirenek esan zuten:—Horiek ez dira gurekin etorri. Ez diegu harrapakinetarik ezer ere emango, beren emazte eta seme-alabak izan ezik. Har ditzatela eta doazela!

23. Davidek ihardetsi zuen:—Ez dezazuela horrelakorik egin, ene anaiok, Jaunak eman digunarekin! Zaindu egin gaitu; eraso zigun lapur-talde hura eskura eman digu.

24. Esan duzuen hori ez dizue inork ere onartuko, zeren eta,«nolako zatia borrokara doanak,halakoa tresneria zaindu duenak.Berdin hartuko dute denek».

25. Egun hartaz geroztik horrela egin da, eta Israelen arau eta lege bezala bete ohi da jokabide hori gaurdaino.

26. Tziklagera heldu zenean, harrapakin haietarik zatiak bidali zizkien Davidek bere herrikide zituen Judako buruzagiei, esanez: «Hartzazue emaitza hau, Jaunaren etsaiei kendu dizkiegun harrapakinetarik».

27. Hauei guztiei bidali zizkieten emaitzak: Betelen, Negeveko Ramoten, Jatiren,

28. Aroeren, Sifmoten, Extemoan,

29. Rakalen, jerahmeeldar hirietan, kendar herrietan,

30. Horman, Bor-Axanen, Ataken,

31. Hebronen eta David bere gizonekin ibili izan zeneko beste toki guztietan bizi zirenei.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 30